ELAk salatu du Osasun sailburuak ez diela bat ere begirunerik agertu Osakidetzan oposizioak egiten ari direnei

Osasun sailburuak atzo jakinarazi zuen 2016an beste EPE bat izango dela, kategoria guztietarako 500 plaza aterako direlarik, 2015ean deitutakoak barne, zeinen azterketak egunotan egiten ari diren.
Negoziazio-mahaitik kanpo egindako iragarpen honek beste behin utzi du agerian Osasun sailak ohikoa duen inposiziozko jarrera. Gainera, erabateko ziurtasun eza eragiten die orain martxan dagoen EPEan parte hartzen ari direnei. Nola deituko dituzte plazak? Oraingo azterketa egiten ari direnek berriro egin behar ote dute? Azterketa berria izatekotan, nola osatuko dira kontratazio zerrendak?
Berriro gertatuko dira liskarrak oraingo EPEa gainditu dutenen eta oposizio fasean aurrera egin ez dutenen artean. Batik bat kontutan izanik EPE berrian soilik 500 plaza aterako direla txanda librerako, eta 500 barne-promoziorako.
ELAk Osakidetzari exijitu dio osasuneko negoziazio-mahaian egin dezala proposamen serio bat. Halaber, behingoz alde batera utzi behar dute administrazioek hauteskundeetarako propaganda egiteko jendearen lan beharraz baliatzeko ohitura. Ez da fundamentua 500 plazako EPE bat deitzea Osakidetzan 10.000 pertsonak aldi baterako kontratua dutenean. Enplegu hori guztia mugagabe bihur liteke bat ere kosturik gabe.
Osasun sailak herritarrei argibideak emateko publizitate-kanpainarik ez du egiten honez gero (ez tabakoaren aurkakoak, sexu bidez kutsatzen diren gaixotasunei buruzkoak, ezta osasunaren inguruko pedagogia ere…); horren ordez propaganda alderdikoia egiten du. Ez da onargarria ere negoziazio-mahaiak propagandarekin ordezkatzea. Horregatik, ELAk seriotasuna eta errespetua eskatzen du oposizioak egiten ari direnentzat, eta Lehendakariari exijitzen dio kargu har diezaiola Osasun sailburuari.