OSAKIDETZA
ELAk salatu du udan murrizketa gehiago izango direla Lehen Arretan

ELAk salatu du Osakidetzak iragarritakoa: udan zuzeneko murrizketa gehiago izango dira Lehen Arretan. Sindikatuak deitoratu duenez, Eusko Jaurlaritza berria osatu eta ia urtebetera, eta Osasun Itunaren bilerak hasi eta zortzi hilabetera, euskal osasun zerbitzuaren egoera ez da aldatu. "Egiturazko arazoek indarrean jarraitzen dute", deitoratu du. "Osakidetzako Zuzendaritza berrantolaketa neurriak kalifikatzen tematzen den arren, ordutegi murrizketen eta zentroen itxieren aurrean gaude", dio. ELAk Lehen Mailako Arretarako plan erreal eta eraginkor bat eskatu dio Osasun Sailari, urtean 180 egunetan jasaten dituen murrizketak ezabatzeko.
Iazko udan salatu zuen Lehen Arretak urtean 180 egunetan pairatzen dituela murrizketak. Bada, ezohiko Mahai Sektorialean planteatutako neurriak ikusita (udan berriro murrizketak egitea dakartenak), sindikatuarentzat argi dago egoerak berdin-berdin jarraitzen duela.
"Hori gertatzen da ez delako egiturazko arazo bat konpontzeko neurri egokirik hartu Osasun Sailak Osakidetzan egin daitezkeen hobekuntzei buruz egindako propaganda adierazpenez gain", deitoratu du.
Sindikatuak behin eta berriz salatu du egoera hori erabaki politikoen ondorio dela, eta hori konpontzeko ezinbestean plantillaren lan baldintzak hobetu behar direla. "Osasun Sailak profesionalen balizko gabezian babesten jarraitzen du, urrunetik datozen arazoen zerrenda luzea justifikatzeko, baina ahaztu egiten zaio aipatzea horietako gehienen atzean lan baldintza eskasak daudela. Eta lan baldintza onik gabe, ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik".
Gaineratu duenez, horren froga ona da fakultatiboentzat betetzen zailak diren plazen LEPa, guztira 845 hautagaik eman baitute izena. Zifra hori ikusita, argi dago profesional batzuk prest daudela; baina ez daude egungo baldintzetan lan egiteko prest dauden profesionalak, ELAren ustez.
Sindikatuak datuak eman ditu: behin-behinekotasun tasa % 58koa da eta 27.000 langileri eragiten die; Osakidetzak 1.641 plaza ditu bete gabe, horietatik 161 erizainei dagozkie eta 418 espezialitate desberdinetako medikuntzako plazei; 2024ko ekitaldian Osasun Sailak % 11,5 igo zuen pribatizatutako zerbitzuak finantzatzeko partida; plantillak kaosa pairatzen jarraitzen du hautaketa prozesuen kudeaketan; eta 15 urte baino gehiago Lan Baldintzak Arautzeko Akordioa berritu gabe egon ondoren, oraindik ez dago aurrerapen nabarmenik lan baldintzetan.