ELAk salatzen du Arabako haurtzaroko osasun-arretaren gainbehera
Profesionalak ordezten ez direnez, ezinezkoa da haurren osasun-beharrizanak behar bezala artatzea.
ELAtik askotan salatu izan dugu pediatren eskandaluzko eskasia lehen arretaren kontsultetan. Orain dela bi urte Osakidetza premiatu genuen premiazko eta berehalako neurriak hartzera, haurrentzako osasun-arreta aurki kinka larrian egongo zela aurreikusita. Orduan konponbideak eskatu genizkion Osakidetzari, konponbide adostuak sindikatuekin, antolakunde zientifikoekin eta lehen arretako profesionalekin.
Bada, Osakidetzaren utzikeria dela-eta, gaur egun sistema kolapsaturik dago. Gure hiriko osasun-zentro guztietako pediatria-arreta gainez eginda dago. Medikuak eta erizainak ez dira nahikoak haurrak behar bezala artatzeko.
Adibide moduan Salburuako Osasun Zentroko egoera errepasatu dezakegu. Salburua auzunerik berrienetariko bat da, eta bertan ume asko bizi da. Pediatren plantilla, ordea, ezin urriagoa da, %50ak bajan daude. Baja horietako bat aldez aurretik jakitekoa zen, baina uste baino lehenago gauzatu da, Osakidetzak pertsonalarengan egiten duen presio itzelagatik.
ELAk Osakidetzaren arduragabekeria salatzen jarraitu du, batez ere pertsonala kontratatzeari eta ordezteari dagokionez, langileen laneratze-ezak ez baitira betetzen, eta horren ondorioz gainerako langileek, norberaren lanaz gain, ordeztu gabeko langilearena ere egin behar dute; hori horrela, estresarenpean lan egin behar dute beti. Egoera horretan, profesionalek ahal duten prestasun eta maraztasun guztia ipinita ere, gaixoaren segurtasuna arriskuan dago.
Salomonen erabaki gisa, buruek gomendatzen diete profesionalei ezin artatzerik dituzten haurrak Larrialdi Zerbitzuetara desbideratzea.
Bat-batean otu zaien irtenbide hori erabat ganora gabea da. Berez gainez eginda dagoen zerbitzu bat, Larrialdi Zerbitzua, are gehiago ito nahi dute. Hara bidali behar dira ohiko pediatria-kontsultak?
Horrelako gertaerak ez dira bakanak; alderantziz, Osakidetzako zuzendaritzen kudeaketa txarraren erakusgarri dira. Hori ez da soilik gertatzen pediatrian. Azkenaldian familia-medikuak nekazal eskualdeetatik Gasteizera ekarri dituzte, hemen kontsulta-ordezpenak egiteko; baina ondorioz, hutsik geratu dira haien jatorriko osasun-zentroak.
ELAk Osasun Sailari leporatzen dio osasun publikoaren gainbehera geldiezinaren erantzukizuna. Lehendakariak etengabe inauguratzen ditu zerbitzuak ospitaleetan; Lehen Arreta, aldiz, osasun-sistemaren atea izan arren, hondatzen ari da halabeharrez, eta inork ez die konponbiderik ematen Lehen Arretaren arazo larri horiei.
ELA sindikatuan ez gara nekatuko egoera hori behin eta berriz salatzen, harik eta konpontzen duten arte.