OSAKIDETZA

ELArentzat ulergaitza da Eusko Jaurlaritzak bere buruari eskatzea osasun zerbitzua hobetzea

2024/09/26
Gasteizko Legebiltzarrean onartutako legez besteko proposamenaren berri izan du gaur ELAk. Bertan, Eusko Jaurlaritzak bere buruari eskatu dio Osakidetza hobetzeko neurriak har ditzala, nahiz eta EAJ eta PSE alderdiek osatu Jaurlaritza eta eurek izan osasun sistemaren egoeraren arduradunak. ELAren ustez, ulergaitz da gobernuko alderdiek bozketak antzeztea beharrezko neurriak hartu beharrean, kasu honetan alderdiko oposizioko burua den EH Bilduren babesarekin.

Gainera, ELAk ohartarazi du Gasteizko Legebiltzarrean onartutako proposamenak ez duela edukirik, ez baitu neurri zehatzik plantilla handitzeko eta finkatzeko baliabideekin, ez aurrekontu partidarik.

Adibidez, legez besteko proposamen horretan eskatutako neurrietako bat da egonkortzeko lan eskaintza publikoaren ebazpena aurreratzea. Legeak dio abenduaren 31n ebatzi behar dela, eta, beraz, tarte txikia dago ebazpena aurreratzeko. Nolanahi ere, ebazpen horren kudeaketa egiten ari diren lantaldeak indartu behar dira, kontratazio gehiagorekin, eta hori ez da jasotzen onartutako proposamenean.

Eskatutako bigarren neurriari dagokionez (plantillak LEP bat bestearen atzetik egin behar ez izatea), plantilla finkatzeko eta behin-behinekotasuna %8ra jaisteko behar adina plaza dituen LEP bat deitzearen mende dago, legeak ezartzen duen bezala. Horretarako, kendu egin behar dira birjarpen tasak, Madrilen erabakitzen direnak Gasteizen proposamena bozkatu duten hiru alderdien (EAJ, EH Bildu eta PSE) babesarekin. Gogoratu behar da Osakidetzak aldi baterako 24.000 pertsona dituela, eta urtero 1.000 lanpostu huts sortzen direla erretiroengatik.