OSAKIDETZA

Elkarretaratzea Osakidetzak bizi duen egoera larriari konponbideak eskatzeko

2023/04/13
ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratze zaratatsua egin dute Bilboko Osasun Ordezkaritzaren aurrean, Osakidetzak bizi duen egoera larria salatzeko eta Osasun Sailari berehalako konponbideak eskatzeko. Egoera bereziki larria da Lehen Arretan, oporraldian agerian geratu den bezala: hainbat Etengabeko Arreta Gune zabalik egon dira medikurik gabe.

Mahai sektoriala blokeatuta dago. Apirilaren 3an gaurko mobilizazioa deitu duten sindikatuek eskaera formala egin zuten, Sailburuari honakoa eskatuz: Mahai Sektorialaren hurrengo bilerara joan zedila eta erantzuna eman ziezaiela abenduko bileran egin zizkioten planteamenduei eta maiatzean bi greba-egun deitzea eragin duten aldarrikapenei. Gaurko egunez sindikatuek ez dute erantzunik jaso.

Bitartean, gero eta nabarmenagoa da Osakidetzak bizi duen egoeraren larritasuna, batez ere Lehen Arretan. Osakidetzak ez du beste planik, murrizketak aplikatzea eta langileak estutzea baino. Ez dago kolektiboaren lan-baldintzak hobetzeko inolako planteamendurik; ez dago profesionalak Osakidetzan mantentzeko eta beste batzuk erakartzeko planik. Are gehiago, langileen tratu txar sistematikoa dago. Eta hori, zalantzarik gabe, profesional faltaren mantra aitzakia ezin hobea bihurtu delako Osakidetzak beste egoera batzuetan justifikatzen oso zailak izango liratekeen neurriak abian jartzeko.

Horren guztiaren adibide da EAG askotan Aste Santuko jaiegunetan gertatutakoa: medikurik gabe egon dira irekita. Egoerak okerrera egin duenez, negoziaziorik ez dagoenez, Mahai Sektoriala blokeatuta jarraitzen duenez eta Osasun Sailak konponbiderik eman ez duenez, Mahai Sektorialeko sindikatuek bi greba-egun deitu dituzte maiatzaren 18rako eta 19rako. Deialdia publiko egin zenetik 15 egun igaro dira, baina Osakidetzak ez da mugitu.

Osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dituzte. Osakidetzak eta Osasun Sailak borondate politikoa behar dute, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.