OSAKIDETZA

Elkarretaratzeak biltegien zentralizazioaren eta pribatizazioaren aurka

2023/05/15
Gurutzetako, Basurtuko eta Galdakaoko ospitaleetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur, Osakidetzako biltegietan iragarritako zentralizazioaren atzean dagoen desegitea eta pribatizazioa salatzeko.

ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzeak izan dira gaur Osakidetzako biltegien pribatizazioaren aurrean. Sindikatuen arabera, planteamendu pribatizatzaile baten aurrean gaude. Pribatizazio hori erabateko opakutasunez egin nahi da, maniobra berri horren atzean dagoen benetako errealitatea ezkutatuz, hau da, gaur egun dauden biltegiak ixtea eta kudeaketa enpresa logistiko bati azpikontratatzea.


Duela aste gutxi jakin genuen, komunikabideen bidez, proiektu bat zegoela EITBren Iurretako egoitza zaharrean 2026tik aurrera Osakidetzarentzako zentro logistiko bat egon zedin. Salatu behar dugu hau dela horri buruz jaso dugun lehen informazioa eta bakarra; izan ere, ohi bezala, Osakidetza erabateko opakutasunez ari da proiektu hau garatzen, eta gaur egun arte ez dugu horri buruzko informaziorik jaso.


Zentralizazio horren atzean ezkutuko pribatizazioa besterik ez da ezkutatzen. Hainbat iturriren bidez jakin ahal izan dugu Osakidetzaren benetako helburua dela gaur egun zerbitzu-erakundeetan dituen biltegiak ixtea, baliabide eta langile propioekin kudeatuta, etorkizuneko plataforma logistikoan zentralizatzeko. Plataforma horren kudeaketa kanpoko enpresa bati azpikontratatuko zaio eta, beraz, pribatizatu egingo da.


Salatu behar dugu sailburuak eufemismoa erabiltzen duela benetako errealitatea ezkutatzen saiatzeko: osasun publikoaren pribatizazioa. Zerbitzuen pribatizazioak ez du titulartasun-aldaketa bakarrik hartzen, beste formula batzuk ere hartzen ditu barne, hala nola zerbitzu baten kudeaketa azpikontratatzea (kasu honetan bezala); zerbitzu jakin batzuk osasun pribatuarekin ituntzea (Gipuzkoako Poliklinikak, adibidez, funts publikoetatik 13,1 milioi euro jaso zituen 2022an); edo proiektu jakin batzuk azpikontratatzea (aldi baterako kontratazioa kudeatzeko plataforma bat garatzea; Lanbide Garapena kudeatzeko aplikazio bat garatzea; edo elektromedikuntzako mantentze-zerbitzua azpikontratatzea).


Zerbitzuen azpikontratazioak, diru publikoaren kontura enpresa pribatuak aberasteaz gain, enplegu publikoa suntsitzea eta aldi baterako langileak kaleratzea dakar. Sindikatuek Oaskidetzari eskatu diote proiektua berehala geldiarazteko; sindikatuei horri buruzko informazio guztia eskaintzeko; eta zerbitzu guztien titulartasuna eta kudeaketa % 100 publikoa izatea bermatzeko.