Elkarretaratzeak lehen mailako arretako osasun zentroen egoera salatzeko

2021/12/22
ELA, Satse, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte EAEko osasun zentroetan. Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera jasanezina dela salatu dute, eta benetako eta berehalako konponbideak eskatu.

Sindikatuek zera eskatzen dute mobilizazio ezberdinetan: aurrekontua handitzea Europar Batasunaren parera iritsi arte (BPGaren %7); plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoak ematea kategoria guztietan, lanpostu berriak sortuz (1.000 plaza gehiago behar dira); behin-behineko milaka langile finkatzea eta gehiegizko aldi baterako kontratazioarekin amaitzea; lan kargak arrazionalizatzea eta hutsune guztiak lehen egunetik ordezkatzea. Azken batean, lehen mailako arreta lehenesten eta indartzen duen estrategia bat.

Osakidetzako lehen mailako arretaren egoera jasanezina da, bai langileentzat, bai herritarrentzat. Pandemiak are gehiago tenkatu du lehendik zetorren egoera larria; izan ere, arazoak egiturazkoak dira, eta egungo osasun krisia baino askoz sakonagoak eta zaharragoak. Hala ere, pandemia hau, kolektiboaren lan baldintzak eta herritarrei eskaintzen zaien asistentzia kalitatea are gehiago prekarizatzeaz gain, Osakidetzak murrizketak aplikatzeko eta pazienteak osasun publikora iristea zailtzeko aitzakia ere bihurtu da.

Horrek guztiak, planifikaziorik, errefortzurik eta inbertsiorik gabe eta pandemiaren kudeaketak eragindako lan karga handituz, egoera larrian utzi du lehen mailako arreta.

Pandemiaren aurretik, langileek hiru greba egun egin zituzten 2019an, inbertsio faltagatik, irisgarritasun murrizketengatik, zerbitzuen eskaintza ezagatik eta profesional eskasiagatik. Osakidetzak, orduan, Lehen Mailako Atentzioko Estrategiaren dokumentu bat jarri zuen mahai gainean, nahikoa ez zela esan genuena, benetako arazoei ez zielako erantzuten. Baliabide materialak eta profesionalak falta dira, eta, batez ere, apustu argia egin behar da lehen mailako arreta osasun publikora sartzeko lehen atea izan dadin.

Pandemiaren aurretik eta bitartean konponbiderik ez egoteak agerian uzten du ez zegoela aurreikuspenik, eta ez zegoela benetako borondaterik egoera konpontzeko.

Horren guztiaren adibide ona da langileak seigarren olatuari aurre egiteko erabiltzen ari diren baliabiderik, antolaketarik eta plangintzarik eza. Lehen olatua izan eta urte eta erdira, osasun urria, nekatua eta baliabiderik gabea daukagu. Kutsatzeen maila altuak eta azken asistentzia-murrizketek (kontsultak etetea, proba diagnostikoak, telefono bidezko arretari eustea, etab.) hori erakusten dute: plantillak %60 inguruko behin-behinekotasunekoak dira; urrian indartze-kontratuak amaitu ziren; arakatzaileen kopurua erdira jaitsi da; LMko erizaintza txertaketa taldeei aurre egiteko mobilizatzen ari dira txertaketa gune nagusiak kendu ondoren; Profesionalen agendak gainezka daude; bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez dira ordezten; herritarrei telefono bidezko arreta emateak, Osasun Sailaren informazio eta koordinazio faltarekin batera, egunero telefono lineak eta Pazientearen Arretarako mostradoreak gainezka uzten ditu; PACen arreta-ordutegiak ixteak edo murrizteak, eta abar luze batek, profesional askoren pazientziarekin amaitu du, eta Osakidetzatik alde egitea erabaki dute askok, beste aukera profesional batzuen bila. Gizartea ere nekatuta dago, izan ere, presentzialtasunik eza ezartzen da, eta horrek bereziki kalte egiten die kolektibo ahulenei eta teknologiarako sarbide txikiagoa dutenei.

Egoera kezkagarria izan arren, Eusko Jaurlaritzak ez du urratsik egin aipatutako arazo larriak konpontzeko. Eusko Jaurlaritzak 2022rako aurkeztu berri duen Aurrekontuen Lege Proiektuak osasun arloko inbertsio bat aurreikusten du, 2021ean benetan gastatutakoa baino 16 milioi euro gutxiago gastatzea ekarriko duena.