ARABAKO OSASUN MENTALEKO SAREKO ERIZAINTZAKO LAGUNTZAILEAK
Erabateko jarraipena izan du grebaren lehen egunak

ELAk Arabako osasun mentaleko sarean deitutako grebaren lehen egunak % 100eko jarraipena izan du, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuak gorabehera. Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiaren eta Arabako Ospitale Psikiatrikoaren aurrean protesta egin dute langileek. ELAk salatu du beharrezkoa dela zerbitzua indartzea eta lan kargak arintzea, baina Zuzendaritzak uko egiten diola aldarrikapenak erantzuteari, nahiz eta hainbat bilera egin.
Lan Sailak inposatutako “gehiegizko” Gutxieneko Zerbitzuak salatu ditu ELAk, eta langileen greba eskubidea urratzen dutela adierazi du. Jarrera hori Arabako Osasun Mentaleko Sarearen Zuzendaritzaren jarrerarekin bat ez datorrela gaineratu du. “Zuzendaritza honen arabera, langile gutxirekin zerbitzu normalizatua eman daiteke, baina gutxieneko zerbitzuak ezartzerakoan, ia langile guztiek eman behar dute zerbitzua”, adierazi du ELAk.
Arabako Osasun Mentaleko Sarearen azken berrantolaketatik, kategoria horretako enplegua suntsitu da, eta, ondorioz, lan kargak handitu dira. Zuzendaritzak argudiatu du lan-kargek behera egingo zutela etorkizunean, baina ELAk kritikatu du ez dela egia. “Pazienteak gerontopsikiatriko dira, eta mendekotasuna handitzen doa urteak bete ahala”, azaldu du.
Ekainaren 17an Osakidetzako Zuzendaritza Nagusian (Gasteiz) eta Ospitale Psikiatrikoaren aurrean bilduko dira langileak 10:30ean eta 11:00etan, hurrenez hurren, eta 18an Eusko Legebiltzarrean 10:30ean. Amaitzeko, manifestazioa egingo dute Legebiltzarretik Osakidetzako Zuzendaritza Nagusira.