Erresidentzia eta Osakidetzako beharrak asetu gabe daudela, Guimon klinika pribatuak ERTE bat aurkeztu izana salatu du ELAk

2020/04/15
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusa duten paziente arin gehiago klinika pribatuetara ez bideratzeko hartutako erabakia aitzakiatzat hartuta, zenbait klinikatan ERTEAk martxan jarri dituztela salatu du ELAk. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio atzera egin dezala paziente arinak osasun zentro pribatuetara ez bideratzeko erabakian eta euskal gizartearen eskura jar ditzala dituen osasun-baliabide guztiak, publikoak zein pribatuak. Izan ere, sindikatuak salatu duenez, ehunka adineko EAE osoko egoitzetan konfinatuta eta kutsatuta jarraitzen duten bitartean, "Eusko Jaurlaritzak ospitaleko oheak eta profesionalak alboratzea erabaki du, halakorik onartzeko egoeran izango bagina bezala".

ELAk salatu duenez, Guimon Klinikak apirilaren 14tik indarrean dagoen ERTE bat aurkeztea erabaki du, beti ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusa duten paziente arin gehiago klinika pribatuetara ez bideratzeko hartutako erabakia aitzakiatzat hartuta. Bitartean, Virgen Blanca Klinikako langileak IMQko zuzendaritzak erabakitzen duenaren zain daude. Klinika pribatuen jarrera salatzeaz gain (sindikatuak egoera enpleguak murrizteko aprobetxatzea leporatu die), ELAk zalantzan jarri du ospitaleetako beharren eskaria murriztu izana, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu duenez. "Covid-19k egoitzetan kutsatutako adinekoen kopurua gero eta kezkagarriagoa da", nabarmendu dute. Gainera, Osakidetzan koronabirus bidezko ospitaleratzeak murriztu badira ere, laguntza-karga oso handia da oraindik, eta premiazkoa ez den osasun-jarduera guztia etenda dago, ez dagoelako hura artatzeko bitartekorik. Gogorarazi dute ez dagoela ziurtasunik aparteko bizikidetza-unitate horietako batzuk berriro ireki behar ez direnik.

Horregatik, ELAk uste du Osasun Sailak orain baztertzen dituen klinika pribatuetako ospitale-baliabide horiek zaharren egoitzetan kutsatutako pertsonei arreta espezifikoa ematera bideratu beharko liratekeela, eta Osakidetzaren kasuan, laguntza-karga arintzera eta etendako ohiko jarduerari berriz ekitera.

ELAk uste du pandemiaren aurrean ahulenak diren kolektiboak bereziki babestu behar direla. "Bizkaian 670 pertsona baino gehiago daude konfinatuta eta koronabirusaren eraginpean egoitzetan, horietako asko egoera oso larrian; Eusko Jaurlaritzak, berriz, ospitaleko oheak eta profesionalak alde batera uzteko baimena ematen du", diote.

Larrialdi-egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio atzera egin dezala eta berriz ere euskal gizartearen eskura jar ditzala dituen osasun-baliabide guztiak, publikoak zein pribatuak. Sindikatuaren ustez, orain ez da momentua klinika pribatuek eskaintzen duten zerbitzua alboratzeko, horri esker Osakitzak berreskuratu ahalko lukeelako orain arte etenda izan dituen bestelako zerbitzu asistentzialak, besteak beste, bestelako patologiak dituzten gaixoak berriz ere artatu ahalko lituzke.