OSAKIDETZA

Erretiro partzialerako eskubidea ezabatuko da langile laboralentzat

2025/02/25
ELAk kritikatu du apiriletik aurrera ez zaiela errelebo kontratu gehiagorik egingo Osakidetzako laboralei. ELAk erakundeei eskatu die egoera iraultzeko urratsak eman ditzatela.

ELAk salatu du langile funtzionarioek eta estatutarioek erretiro partziala egikaritu ezin izateaz gain, praktikan, langile laboralentzat ere ezabatu egingo dela eskubide hori. ELAk gogorarazi du UGTk eta CCOOk akordio bat sinatu zutela EAEko Mahai Orokorrean 2024 urte amaieran, Mariano Rajoyren Gobernuak errelebo-kontratuan aplikatutako murrizketak erreproduzitzen dituena.

Errelebo kontratuan egindako lege-aldaketa baten ondorioz, kontratu hori finkoa izan behar da apirilaren 1etik aurrera. Administrazio Publikoetan lotura finkoa eskuratzeko hautaketa prozesu bat gainditu behar da. Hori dela eta, Administrazioak jada hasi dira jakinarazten apirilaren 1etik aurrera ez zaiela errelebo kontratu gehiagorik egingo laboralei.

ELAk erakundeei eta alderdi politikoei exijitu die premiaz eman ditzatela beharrezko urratsak eskubideen murrizketa hori eraginkorra izan ez dadin eta langile laboralek, estatutarioek eta funtzionarioek erretiro partzial aurreratua hartu ahal izan dezaten.

Zehazki, ELAk honako hau eskatu du:

  • Administrazio Publikoetako laboralek errelebo kontratuari heltzen jarraitu ahal izateko behar diren urratsak ematea.
  • Mariano Rajoyren Gobernuak aplikatutako murrizketen aurretik zegoen errelebo kontratuaren formula berreskuratzea. Aurreko formula hori askoz ere onuragarriagoa zen langileentzat. Hala ere, gure erakundeek Madrildik datozen murrizketak aplikatzen dituzte, inolako hobekuntzarik gabe.
  • Langile funtzionario eta estatutarioek erretiro partzial aurreratua hartzeko formula errealak ezartzea.