Etengabeko prestakuntza: ELAk eta Bergarako UNED-ek prestakuntza-ikastaroak sustatuko dituzte
Horrela, ELAk Hobetuz bultzatu zuen, eta ELAk hitzarmenen eta itunen bidez ekin zuen prestakuntzaren aldeko neurriak lortze aldera, baina baldintza baten pean: eskariaren araberako prestakuntza bultzatzea (hau da, langileen beharrizanak betetzea, eta ez alderantziz: antolatzaileen txosnari interesatzen zaiona eskaintzea), eta prestakuntza hori zentro arautuek ematea eskatzea.
ELAren ustez bere eginkizuna, sindikatu den aldetik, hau da: etengabeko prestakuntza bultzatzea, gardentasuna ziurtatzea, diru publikoaren erabilera eta zertarakoa begiratzea, negoziazio kolektibo bidez prestakuntza ahalbidetzea langileei albait kosturik merkeenean, sarbidea diskriminaziorik gabekoa izatea, eta noski ondo zaintzea ez sindikatuek, ez patronalek eskua sar ez dezaten prestakuntzarako aurrekontu-dirusailetan.
Baina sistema hori ez zen egokia norbaitentzat (patronalak eta zenbait sindikatu), eta apurka-apurka baliogabetu zuten, eta eskaintzaren araberako prestakuntza gailenduz joan zen (neurri handi batez patronalek eta sindikatuek emana, bai zuzenean, bai muntatu zituzten txosnen bidez, eta hedabideetan salaketak ugaldu ziren, iruzur-salaketak, eta honelako esaldiak zabaldu ziren: "prestakuntza diru-iturria da, ematen denean ere bai". Hori horrela, prestakuntzaren dirua oinarri ekonomikoa bilakatu zen patronaletarako eta zenbait sindikatutarako, eta hortaz aurrekontu publikoen menpean geratu ziren.
Hau da, gutxienez bi aldiz ordaintzen genuen: kotizatzen genuenarekin eta borroka-ahalmenetik galtzen zenarekin; izan ere, diru horren morrontza zutenek jarrera sindikal motelagoa agertu behar zuten nahitaez. Orain morrontza ekonomiko horren ondorioak are nabarmenagoak dira, zeren prestakuntzarako diru-sail publikoak murriztu direnez, hainbat sindikatuk eta patronalek EEE(ERE)ak eta kaleratzeak burutu behar izan dituzte zeinek bere pertsonalean.
ELAn, gertatzen zena salatzeaz gain, eta prestakuntza-beharrizanez egiten zen erabilera gaitzesgarriaz kezkaturik, aukera anitz aztertu ditugu, egoera aldatze aldera, eta guretzat bete beharreko gutxieneko baldintzak hauek dira:
- Euro bakar bat ere ez igarotzea sindikatuaren eskuetatik.
- Eskariaren araberako prestakuntza, zentro arautuek ematekoa.
- Kalitatezko prestakuntza, gardentasun eta kontrol ezaugarriak dituela.
- Kredituak aitortzeko modukoa, betekizunak betetzen dituztenentzat.
- Bai urrutikoa, bai aurrez aurrekoa; hala euskaraz, nola gaztelaniaz.
ELAn baldintza horiek betetzen dituzten aukerak ari izan gara aztertzen, eta gure Manu Robles Arangiz Fundazioaren bitartez itun bat egin dugu Bergarako UNEDekin, Osakidetzako langileen beharrizanak helburu duten ikastaroak eskaintzeko. Hasteko, aitzindari programa bat prestatu da, urrutiko ikastaroak eskaintzen dituena; eta gero, arian-arian, kategoria guztietara zabalduko da.
Lehenengo txanda honetan urrutiko ikastaroak emango dira (15, 20, 30 eta 40 ordukoak): “Cuidados de enfermería al paciente psicogeriátrico”, “Gestión del tiempo”, “Estrés laboral en atención sanitaria”, “Actividades del celador”, “Atención de telefonía”, “Cuidado de úlceras”, “Trabajo social en salud”, “Komunikazio eta gizarte-trebetasuna” lanbide-kategoria desberdinetarako; geroko batean aurrez aurreko ikastaroak ere emateko asmoa dago.
Azpimarratu nahi dugu ELAk euro bakar bat ere ez duela ukituko, ez zuzenean, ez zeharka. Zein izango da, bada, gure sindikatuaren eginkizuna?
- Negoziazio kolektiboaren bidez saiatuko gara lortzen puntu hauek: prestakuntzarako lan-denbora, gastu-konpentsazioa, egutegi-aldaketak prestakuntza-ekitaldietara joan ahal izateko. Osakidetzarekin ahaleginduko gara lortzen honelako abantailak: orduak, ordaindutako baimenak, lizentziak, ikastaroak balioestea.
- Ikastaroak sustatu, proposatu, bultzatu egingo ditugu, baina beti Bergarako UNEDen ardurapean, gardentasuna eta kontrola ziurtatuz, ikastaroak benetan ematen direla eta jendeak parte hartzen duela bermatuz.
Horretarako, eta lanbide-kategoria guztien prestakuntza-beharrizanak betetze aldera, eta prestakuntza eskariaren araberakoa izan dadin, eskatzen dizuegu ikastaro-motak proposatzeko (aurrez aurrekoak, urrutikoak, euskaraz...) Interesgarritzat jotzen dituzuen ikastaro horiek guk Bergarako UNEDera helaraziko ditugu.