Eusko Jaurlaritzak bere langileekiko betebeharrak berriro zapuztu ditu

2015/05/15
Gaur izan da Itzarri, herri-administrazioko langileen enpleguko BGAEaren urteko batzarra; oraingoan ere erakundearen etorkizuna beltz ikusten da, Jaurlaritzak ez baitu Negoziazio Kolektiboan agindutako ekarpenik egin nahi.

Eusko Jaurlarizak bere langileekiko konpromisoak zapuztu egiten ditu. Azken bost urteetan adostutakoa ez du betetzen.Pasa den urtera arte aitzakia zen espainiar Gobernuak ekarpenak egitea galarazi egiten zuela, baina azken aldion aitortu du benetan diru arazoa dela; beraz, ELAk salatu egin behar du gobernu honek ez daukala arazoa bideratzeko borondate politikorik, eta bere langileak zigortzen jarraituko duela, hauek eragin ez duten krisi baten ondorio ekonomikoak ordainarazi nahian.

ELAk EAJren gobernuaren politika salatu beharra du; ezin dugu ahaztu alderdi berak Udal- eta Foru-Administrazioan Elkarkidetzako (udal eta aldundietako beharginen BGAEa), ekarpenak ordaintzen dituela, Itzarrikoak ezinezkoak direla dioen bitartean.

Gezurra da diruriz ez dagoela; dirua badago, baina Urkulluren gobernuak beste zerbaitetan erabili nahi du, esaterako zor publikoa ordaintzen, hots, Gasteizko gobernuaren lehentasun bakarrean. Jaurlaritzak bere langileei Negoziazio Kolektiboa izateko aukera galarazi eta ukatu egiten die, duela hainbat urtetik hona murrizketak mantenduaz; gainera, lanaldia luzatu du; aldi baterako langileen milaka postu ezabatu; politika publikoetan murrizten du, eta aurrekontu murriztaileak aplikatzen ditu, zor publikoari dagokionean izan ezik: 10.600 milioi euroko aurrekontutik 1.000 milioi izango dira zorra ordaintzeko.

ELAk Urkullu Lehendakariari beste behin eskatzen dio Eusko Jaurlaritzako langileen baldintzak hobetzeko urratsa egin dezala; bertan behera utz ditzala azken urteetako murrizketak; benetako ahalegina egin dezala administrazioan enplegua sortzeko; aintzat har ditzala hartutako konpromisoak, esaterako Itzarriri dagokionez, eta benetako negoziazioari ekin diezaiola. Pertsonak eta kalitatezko enplegua benetako helburu izan daitezen.