Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurrean jarduteko protokoloak aldatu ditu Osakidetzan baliabideak falta direlako, osasun irizpideak aintzat hartu gabe

2022/01/11
ELAk salatu du Osasun Sailburuak azken egunetan iragarri dituen aldaketek, Osakidetzak COVID-19aren aurrean jarduteko irizpideei dagokienez, argi eta garbi erakusten dutela langile falta dagoela, errefortzu eza nabaria dela, eta osasungintza publikoa (bereziki lehen arreta) kolapsatuta dagoela.

Sindikatuaren esanetan, iragarritako neurriak ez datoz bat irizpide epidemiologiko eta sanitarioekin, eta, zalantzarik gabe, murrizketa gehiago dakarte herritarrei eskaintzen zaien osasun-arretan. Gainera, Lehen Arreta inoiz baino beharrezkoagoa den une honetan, inoiz baino kutsatze gehiago baitira eta lehen olatuan beste hildako direnean.

Atzo, Sailburuak iragarri zuen laneko baja behar dutenei edo zaurgarritzat jotzen direnei bakarrik egiaztatuko zaizkiela farmaziako test positiboak. Gaur iragarri du harreman estuko figura ezabatuko dela, kolektibo zaurgarrien kasuan soilik egingo baitira proba diagnostikoak. Gainera, azken asteetan azaldu zuen pazienteek beraiek proba diagnostikoetarako laginak jaso behar zituztela, langile nahikorik ez zegoelako.

Argi dago pandemia aitzakia ezin hobea bihurtzen ari dela osasun-arretan murrizketak egiteko eta osasunaren zaintza eta jarraipena herritarren esku uzteko. Horrek, zalantzarik gabe, zerbitzu publikoen desegitean sakontzeaz gain, osasun pribatua indartzen du. Publikoaren kolapsoaren aurrean, hilabeteak daramatza dirua irabazten pandemia honen kontura”, kexu da sindikatua.

Sindikatuak azpimarratu du hartutako neurri horiek ez direla osasun-krisiaren ondorio zuzenak. Aldiz, murrizketen, langileen eskasiaren eta inbertsio ezaren ondorio zuzena dira. “Baliabide nahikoak izanda, Osakidetzak askoz ere modu bermatzaileagoan egingo lioke aurre egoera honi, bai herritarrentzat, bai langileentzat”, dio irmo.

Duela aste batzuk, Lehen Arretan lan karga handiegia zenean, Osakidetzak iragarri zuen hiru lurraldeetako 60 osasun-zentroren baino gehiagoren ordutegiak murriztuko zirela Gabonetan. “Horren atzean dago bajak, oporrak eta bestelako absentziak ez ordezkatzea, eta langileak are gehiago kargatzea. Azken batean, aurreztea”.

Eta aurrezteko bide horretatik jarraituz, ELAk gogorarazi du urriaren amaieran Osakidetzak 4.000 profesional kaleratu zituela. Txertorako guneak itxi eta aztarnari-taldeak minimoetara murriztu zituen. “Ikuspegi bermatzaile batetik, ez da ulertzen erabaki hori, eta are gutxiago bi urteko pandemiaren ondoren. Hori gutxi balitz, Osasun Saila ez da berriro kontratatzen ari profesional horiek edo beste batzuk. Bestelako neurriak hartzen ari da, hala nola boluntario erretiratuei deitzea edo egoiliarrek doan lan egin dezaten saiatzea”.

Duela gutxi, komunikabideek ospitaleko larrialdien kolapsoaren berri eman zuten. Egoera horretan eragin zuzena du, bai kutsatze zifren gorakadak, baina baita, besteak beste, azken urteetan EAGetan aplikatutako murrizketek. Lehen Arreta kolapsatuta eta EAGak itxita edo ordutegi-murrizketekin, herritarrek arreta bilatzen dute irekita dauden zerbitzuetan. Zerbitzu horiek ere ez dira indartu.

ELAren iritziz, egoera hori iraultzea ezinbestekoa da osasun publikoaren eta ongizate kolektiboaren etorkizuna bermatzeko. Horregatik, mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa dela azpimarratu du.