Eusko Jaurlaritzak erizaintzaren lanari babesa eman gabe jarraitzen du

2015/11/12
Osasun Sailburuak Espainiako Gobernuaren erizainen preskripzioari buruzko Dekretua errekurritzeko asmoa azaldu du, baina bere eguneroko egitekoa arautu gabe jarraitzen du eta Osakidetzari ez dizkio lan-ildo argirik eman.

Euskal Autonomia Erkidegoko Medikuen Elkargoekin izandako bilera baten ondoren, Osasun Sailburuak urriak 23ko Ministro Kontseiluak onartutako erizainen preskripzioari buruzko Dekretua errekurritzek asmoa azaldu zuen, berau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Hala ere, Osasun Sailak ez du argitu oraindik zer gertatuko den egunerokoan erizainek aurrera eramaten dituzten ekintzekin hauek legezko babesik ez dutenean. Gogorarazi nahi dugu egungo araudiarekin erizainek ezin dutela hainbat lan burutu aurretik langile preskriptoreen agindurik ez badute, hala nola:

  • Txertoak ematen dituzte aurretik medikuen agindurik gabe, erizainen balorazio hutsaren ondorioz.

  • Erditzeetan emaginek medikamentuak ematen dituzte balorazio autonomo bat egin ondoren amaren osasun egoerari buruz (oxitozina).

  • Zauriak, erredurak, ultzerak, estomak…. Zaintzerakoan medikamentuak eta osasun produktuak erabiltzen dira erizainen irizpide hutsez.

  • Larrialdi eta urgentzia egoeretan, erizainek gaixoen bizitza salbatzeko bere irizpide hutsez erabakiak hartzen dituzte.

  • Lehen arretako kontsultatan gaixo kronikoen antikoagulazio kontrola eramaten dute.

  • Pediatriako erizainen kontsultatan antitermikoen administrazioari eta dosiei buruzko gomendioak ematen dituzte.

Osakidetzako eta beste osasun zentruetako erizainek jarduera hauek autonomia osoz burutzen dituzte. Jarduera hauek egiten jarraituko balute ezgaituak izan daitezke. Baina ez Osakidetzak ez Osasun Sailak ez dute ezer ere egiten jarduera hauek arautzeko. 

Osasun Sailak bi aukera dauzka, erizainen preskripzioa autonomiaz arautu dezake, Andaluziako Juntak egin duen moduan, ala lan-protokolo berriak eman ditzake deskribatutako jarduera guztiak medikuek gainbegiratuak bakarrik egin daitezen. Ez du balio Madrili begira egoteak, Osasun Sailburuak erabakia hartu behar du berehala. Onartezina da gure erizainak babes legalik gabe lanean aritzea, enpresak beraiek direnean horrela lan egitera behartzen dituztenak.

Era berean, ELAk mediku zein erizainen elkargoen eta sindikatuen arteko negoziaketa mahaia eratu dadila galdatzen du, bertan lanbide ezberdinen funtzioak eztabaidatu behar dira. Aurretiazko akordioak izan behar dira gero gatazka horiek lantokietara ez bideratzeko.

Azkenik, ELAk urriaren 30ean Osasun Sailarekin eta Osakidetzarekin bilera eskatu zuela eta inolako erantzunik jaso ez duela salatu nahi du. Gai honek lan-baldintzetan ondorio larriak izan ditzake eta atzerapenik gabe ekin behar zaio lanari. Zentzu honetan, erantzun ezak Sailaren jarrera erabat antidemokratikoa erakusten du.