Eusko Legebiltzarrak onartutako enpleguari buruzko akordioak Osakidetzari bidea erakutsi dio

2014/10/30
ELAk EH-Bildu eta PSE-Eren talde parlamentarioak zoriondu nahi ditu enpleguari buruz gaur adostu duten ez-legezko proposamenarengatik. Akordioak Osakidetzako sindikatu guztiok egindako eskaerei erantzuten die. Akordio honen bidez, eta 2011ko garapen profesionalen deialdiak beteko balira, Osakidetzak 5 eguneko greba deialdia ekidin dezake.
EH-Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin Osakidetzako enpleguari buruzko ez-legezko proposamena onartu du gaur Eusko Legebiltzarrak. Ez-legezko proposamen honek enpleguari buruz sindikatu guztiok eskatu ditugun elementu guztiak barnebiltzen ditu:

  • Lanera joan ezin duten langileak lehen egunetik ordezkatuak izatea eskatzen du.
  • 2013an lan-jardunaldia handitzerakoan suntsitu ziren lanpostuak berreskuratzeko lan-jarduna murriztea eskatzen du.
  • Enplegu estruktural erreala azaltzea eta Lanpostu Eskaintza bitartez kontsolidatzea eskatzen du.
Eskakizun hauek izan dira sindikatuon borroka-elementu nagusiak. Galdutako enplegua berreskuratzea, lan-kargak hobetzea eta kalitatezko zerbitzu bat eman ahal izatea bakarrik eskatzen ari gara. Eusko Legebiltzarrak erakutsi duen borondatearekin Osakidetzak grebak ekidin ditzake.

ELAk talde parlamentarioei koherentziaz aritzea eskatzen die eta gaurko eskakizunak 2015eko aurrekontu legearen negoziaketan manten ditzatela nahi du. Osasun publikoaren aldeko apustu erreala izango da eta, lan-gatazka bat ekiditeaz gain, gizartean behar gehien daukatenen osasuna hobetzea ekarriko du.

Osakidetzako zuzendaritzari dagokionez, ELAren ustez ikuspegi demokratiko hutsetik Legebiltzarrak ezarritako parametroekin negoziatu beharko lukete. Akordioko puntuekin eta 7.000 pertsonei garapen profesionala eteteak suposatu duen soldata eskala bikoitza konponduta lan-gatazka bideratu daiteke, Eusko Legebiltzarraren borondate politikoa besterik ez da behar, ez gehiago ezta gutxiago ere.