OSAKIDETZA

Mahai sektorialak gai tronkalei heldu gabe jarraitzen du

2023/09/28
Elkarretaratzea egin dute Mahai Sektorialeko gaurko bilera aurretik, langileek jasaten duten tratu txar sistematikoa salatzeko.

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek gaur egindako Osasuneko Mahai Sektorialaren bileran egiaztatu dutenez, Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dute benetako borondaterik Osakidetzako langileei eragiten dieten gai tronkalak negoziatzeko eta jorratzeko. Sindikatuak ekainean itzuli ziren Mahai Sektorialera, 8 hilabetez kanpoan egon ondoren, eta, zoritxarrez, gaur egiaztatu dute egoera ez dela funtsean aldatu.

Horren adibide gisa, gaurko bileran, sindikatuek Lan Baldintzen Akordio berri baten negoziazioa gai-zerrendan sartzea eskatu zuten. Akordio horrek 14 urte daramatza berritu gabe. Bada, Osakidetzak gai-zerrendan puntu hori ez sartzea erabaki du aldebakarrez, gai hori oso korapilatsua dela aitzakiatzat hartuta eta hurrengo bileretarako utziz.

Beste funtsezko gai batean, behin-behinekotasuna, %50eko tasarekin, Osakidetzak aurrerapenik ez planteatzeaz gain, sindikatuen galderei erantzunez, aurreratu du iraupen luzeko aldi baterako 2.200 kontratu amaitzea planteatzen duela, koderik ez duten egiturazko lanpostuetan. Lanpostu horiek kodetu beharrean, amaitutzat emango ditu kontratuak, hau da, langile horiek kaleratuko ditu, lanpostu horiek ezabatu eta plantilla are txikiagoa egin. Horrek lan gainkarga arazoak sortu ditu iadanik ESI batzuetan.

SINDIKATUEN OHARRA