OSAKIDETZAKO MAHAI SEKTORIALA

Gai zerrendako gai bakarra: Erizainei aparteko orduak ordaintzearena

2023/12/14
Osakidetzak Osasuneko Mahai Sektorialaren ezohiko bilera deitu du gaurko gai bakar bati heltzeko: erizainei autokontzertazioa ordaintzea, edo, bestela esanda, aparteko orduak ordaintzea. Osakidetzak ez du beste gairik sartu gai-zerrendan, nahiz eta gure osasun publikoan arazo ugari egon.

Azken egun hauetan, Osasun Sailak ospitaleetako larrialdien kolapsoa justifikatu du, beste behin, medikuak kontratatzeko zailtasunak dituela argudiatuz, eta, aldi berean, ardura langileen gain jarriz, arazo horien atzean langileen atsedena dagoela azpimarratuz. Balizko eskasia hori aitzakia ezin hobea bihurtu da bestela justifikatzen oso zailak liratekeen neurriak aplikatzeko eta normalizatzeko: EAGak fakultatiborik gabe irekitzea; osasun-zentroak oporraldietan ixtea; ordutegiak murriztea; EAGak behin betiko ixtea; ospitaleko larrialdiak etengabe gainkargatuta eta une askotan gainezka izatea; eta abar luze bat.

ELAk behin eta berriz salatu du egoera hori Osakidetzak bilatutakoa izan dela, ez baita belaunaldi-erreleboaren inolako plangintzarik egin, aurreikusi eta planifikatu zitekeen zerbait zenean. Egin den gauza bakarra izan da dauden langileak estutu, gero eta urriagoak diren langileak. Egungo egoera, horren ondorio zuzena da. Oraingo egoerara eraman gaituen errezeta aplikatzen da berriro, oraingoan erizaintzako langileekin. 

Plantilla eskasia horren atzean Osakidetzako langileek jasaten dituzten lan-baldintza eskasak daude: %50etik gorako behin-behinekotasuna; lanaren gainkarga sistematikoa; lan-eskubideen murrizketak; erosteko ahalmenaren %20tik gorako galera; plantillaren eskasia; lan-arriskuen igoera, etab. Nahiz eta Sagardui sailburua Europa mailako arazo baten aurrean gaudela argudiatu, errealitate bakarra da gaur egun, inoiz baino gehiago, beharrezkoa dela Osakidetzako enplegua erakargarri bihurtzea. Baina profesionalak erakarri beharrean, gaur egun, langileak, gure osasun publikotik pribatura, atzerrira eta are beste autonomia-erkidego batzuetara ihes egiten dute. Lan-baldintza onik gabe, ez dago kalitatezko zerbitzu publikorik. Datorren asteartean, abenduaren 19an, bigarren greba eguna deitu dugu sindikatuok sektore publikoan. Ezinbestekoa da egun horretan Osakidetzako langileen ahotsa entzutea. Horregatik, langileei dei egiten diegu grebarekin bat egin dezaten eta deitutako mobilizazioetan parte har dezaten. Mobilizazioa da bidea.