OSAKIDETZA

Galdutako beste legealdi baten aurrean gaudela salatu du ELAk

2024/06/10
Osasuneko Mahai Sektorialak egindako bileraren ondoren, eta Legegintzaldi berria hasteko egun gutxi falta direla, ELAk beste behin egiaztatu ahal izan du Legealdi galdu berri baten aurrean gaudela, osasun-sistema publikoaren egitura-arazo larriei dagokienez. Balorazioa egitea tokatzen den une honetan, eta Eusko Jaurlaritzaren propaganda-baieztapenetatik haratago, ELAk salatu du Osakidetza duela 4 urte baino okerrago dagoela gaur egun, edo, bestela esanda, bere arazoak handiagoak direla gaur egun.

Osakidetzak urte hauetan (eta datozen urteetan) izan duen erronka handienetako bat langileen belaunaldi-erreleboari aurre egiteko plan bat garatzea izan da. Langileen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa da. Azken urteotan erretiro ugari izan dira, eta joera hori mantendu egingo da datozen urteetan. Erretiro horietatik eratortzen den arazo handienetako bat profesional batzuen eskasia da, bereziki fakultatiboak. Arazo hori belaunaldi-aldaketa horren plangintzarik ezaren ondorio zuzena da, baina baita egungo egoerari aurre egiteko planik ezaren ondorioa ere. Osakidetzak ez du inolako planik. Plan bakarra da sistemak eta herritarrek datozen urteetan ahal duten moduan eustea, sistemak erreleboa modu naturalean egin arte. Eskandalu bat da zuzendaritzaren utzikeria.

Osasun Sailak 30 urte baino gehiago daramatza irtenbide bakarra planteatzen: profesionalei aparteko orduak ordaintzea. Duela 30 urte jarri zuen martxan sistema ordu horiek ordaintzeko; izan ere, ordurako lanordu gehiago behar ziren uneko arreta-eskaerari aurre egiteko. Eta hori izan zen neurri bakarra. Ez zen ezer planteatu, ez orduan, ez ondorengo urteetan, ez eta gaur egun ere, arazoa konpontzeko eta, batez ere, egoerak okerrera egin ez dezan. Sistema eta eredua defendatzeari uko egin zitzaion, zenbait kolektiborentzako diruaren truke. Eta Osakidetzak bere posizioan jarraitzen du. Arazoa erizainetara (emaginak ere bai) hedatzen hasi da, eta errezeta bera aplikatzen da berriro: aparteko orduak ordaintzea. Urte gutxiren buruan, eskasia larria izango dugu langile horien artean ere.

Osakidetzak gaurko bilerara ekarri du EAGetako eta larrialdietako mediku eta erizainen kolektiboarentzako aparteko ordu horien zenbatekoen negoziazio bat. Argi dago lanaldia bikoizten duten edo atsedenaldiei uko egiten dieten pertsonei, sakrifizio hori ordaindu behar zaiela. Baina egia da, gaur egun, eta 30 urteren ondoren, argi dagoela neurri horrek, berez, ez duela ezer konpontzen. Zalantzarik gabe, oso argigarria litzateke egiaztatzea Osakidetzak zenbat langile kontratatu zitzakeen aparteko ordu horietan inbertitu duen diruarekin. Edo zenbat hobetu zitezkeen plantillaren lan-baldintzak.

Profesionalen eskasia horren atzean dagoen errealitate bakarra lan-baldintza prekarioak dira: %50etik gorako behin-behinekotasun tasak, lan-gainkarga sistematikoa, ordezkapenik eza, baimenak eta lizentziak ukatzea, eros-ahalmenaren %20tik gora galtzea, etab. Profesionalak badaude. Ez dago Osakidetzan lan-baldintza horiekin lan egin nahi duen profesionalik. Eta horren ondorioa langileen etengabeko ihesa da.

Politika horien ondorioak kezkagarriak dira. Duela gutxi pentsaezinak ziren egoerak, gaur egun ohiko errealitatea dira. EAGak (Etengabeko Arreta Guneak) edo anbulantziak medikurik gabe aritzea badira horren adibide. Eta problematika larriagotu egin da azken urteotan: gero eta EAG txanda gehiago daude fakultatiborik gabe, uda honetan 1.000 inguru aurreikusten dira (asteburu honetan, adibidez, egoera horretan egon dira Basauri, Amorebieta, Bermeo, Ondarrioa edo Lekeitio); gero eta murrizketa gehiago daude oporraldian; gero eta plaza gehiago daude bete gabe Lehen Arretan; gero eta lizentzia eta baimen gehiago ukatzen zaizkie profesionalei; gero eta lan-karga handiagoak dituzte; eta abar.

Egoera horrek eragin zuzena du profesionalengan, baina baita beste arreta-maila batzuetan ere. Ekipoa osorik ez dagoenean, zerbitzua eman behar duten langileek (erizainek, zeladoreek) jasaten duten tentsio eta estres-egoerak larriak dira; eta, era berean, EAGek edo Lehen Arretak artatu ezin dutenaren zati handi batek ospitaleko larrialdietan bukatzen du. Horregatik gero eta sarriago daude gainkargatuta hauek.

Sektore pribatuak profil batzuen eskasia konpontzeko eta, horrela, enpresen lehiakortasuna eta jarraikortasuna bermatzeko hainbat plan abian jartzen dituela entzuten dugun bitartean, arlo publikoaren kudeatzaileek (kasu honetan Osakidetzakoak) beren erantzukizunen utzikeria nabarmena egiten dutela ikusten dugu, eta egoera hori, zalantzarik gabe, ez litzateke onartuko sektore pribatuan. Gaur egun, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da plan bat diseinatzea hurrengo urteetan, langile nahikoa edukitzeko eta arreta eskaera bermatzeko.