Garapen Profesionala dela eta...
Lehenik eta behin esan behar dugu Lanbide Garapenaren eredu hori ez dugula gogoko, bidegabea delako, desberdintasunak bultzatzen dituelako, subjektiboa delako, arbitrarioa delako, soldata-eskala bikoitza betiko uzten duelako, klasista delako... Baina hori da Osakidetzak beste sindikatu batzuekin adostu zuena, eta horregatik ordaindu behar digu.
2014ko martxoan ELAk egindako kartela
Azken urteotan ELAk proposamen ugari helarazi dizkio Osakidetzari, 2011ko deialdietara aurkeztu ziren guztiei lanbide-garapena ordaintzeko, eskubide bati ere uko egin behar izan gabe. Eta urte horietan Osakidetzak ez du inoiz ezer negoziatu nahi izan. Bere helburu bakarra 2011ko deialdietan parte hartu zuten 7.000 pertsonekin metaturiko zorra ahanztea izan da. Eta bitartean Osakidetzak diru-kopuru itzelak eta lotsagarriak xahutu ditu publizitate-kanpainetan, erabiltzaileak eta langileak nahasteko eta limurtzeko. Urte horietan Osakidetzak hots handiz instalazioak eta azken belaunaldiko eskanerrak inauguratu izan ditu. Osakidetzak aldi horretan zehar negoziazio-borondatea eta gardentasuna agertzen zuen jendaurrean, baina aldi berean dirua kentzen zigun sakelatik inolako lotsarik gabe...
2016ko martxoan ELAk egindako kartela
ELAn bagenekien nor zen diru horren jabea: langileok. Hori ez baitzen opari bat, gure soldataren zati bat baizik, eta beraz Osakidetzak egiten zuen soldata-murrizketa zen, PPren murrizketen tankerakoa. Horregatik auzitara jo behar izan genuen. Eta bide horretan ez dugu bidelagunik izan, bakarrik egin behar izan dugu, ez zen beste inor ausartu Osakidetzaren aurka mugaraino joatera, gure osasuneko profesionalen alde.
Azken epaia argitaratu baino apur bat lehenago, ELAk akordio-proposamen bat helarazi zion Osakidetzari. Horretan beste lanbide-garapenaren eredu baten oinarriak azaldu genizkion, eta langileentzako atzerakinak kobratzeko malgutasuna eskaini genion. Baina orduan ere Osakidetzak ez zuen ezer negoziatu nahi izan.
Orain, epaia irabazi eta gero, berriro luzatu diegu eskua, Osakidetzako langileen baldintzak adostasunez konpontzeko eta hobetzeko. Ikusteko dago zer esango duten...
Krisiaren aitzakiatan murriztu zituzten eskubideak; baina orain, “dena ondo” doanean, ez dizkigute itzuli nahi.