OSAKIDETZAKO GARBITZAILEAK GREBAN
Garbitzaile espezializatuak lanera itzuli dira ebola protokoloari behar bezala erantzuteko

Ezohiko egoera baten ondorioz, Donostiako Ospitalean gaixotasun infekziosoen aurkako protokoloa aktibatu dela eta, formazio berezia duten garbitzaileak greba alde batera utzi eta lanera itzultzea erabaki dute. Kasu honek agerian utzi du Osakidetzaren eta Optima garbikuntza enpresaren prestakuntza eta plangintza falta, ez baitauka behar adina garbitzaile prestaturik halako egoeretarako.
Gertaera horren aurrean grebalariei hainbat irregulartasun proposatu zaizkie, arriskuan jarriko luketenak bai gutxieneko zerbitzuetan diharduten langileen osasuna, bai pazientearena zein zaintza osoarena: esaterako, protokoloko garbiketako langileen erdiak kontuan hartzea, prestakuntza express bat jasotzea edo garbitzaileen txandak bikoiztea, 12 orduz lan egitera behartuta.
ELAk salatu nahi ditu Osakidetzaren eta Optimaren inprobisazioa eta seriotasun eta ardura falta. Beste behin ere, argi geratu da garbitzaileak oinarrizkoak direla. Gainera, agerian geratu da, enegarrenez, garbiketa zerbitzurik gabe herritarren osasuna eta segurtasuna ez dagoela bermatuta.
Langileek, erantzukizunez jokatuz, egoera kritiko honen aurrean herritarren osasunari eta segurtasunari lehentasuna ematea erabaki dute. Era berean, agerian geratu da Osakidetzaren eta garbiketa enpresen kudeaketa oso txarra dela halako egoera kritikoetan, inprobisatuz eta langileen eta herritarren osasuna arriskuan jarriz.
ELAk espero du jende guztiak garbitzaileen erantzukizun maila berarekin erantzutea, eta bai Osakidetzak bai enpresek gatazka konpontzeko behar diren bitartekoak jartzea eta garbitasunaren funtsezko langileei karrera profesionala ordaintzea.