Gernikako ospitalea: gezurrak, itxaronaldiak eta segurtasun-gabezia

2014/02/10
Gernikako Ospitalea zabaltzean Osakidetzak eskualdeko etxe guztietara idatzi bat bidali zuen bertan izango zuten Urgentzien zerbitzu ezin-hobea azalduz, Traumatologoak eta Pediatrak barne. Errealitatean, inoiz ere ez da espezialistarik egon Ospitalean eta ez dago ez langile nahikorik ez baliabide material egokirik Urgentzia zerbitzua duintasunez emateko eta gaixoak behar bezala artatzeko.

Gernikara doazen gaixo guztientzat bi mediku eta bi erizain besterik ez daude txanda bakoitzean, eta sarreran zeladore eta administrari bat besterik ez daude. Era berean, traumatologia eta pediatria zerbitzuak jasotzea espero duten pertsonak Galdakaoko Ospitalera bidaltzen dituzte, lehen kasuan, eta Gurutzetara umeekin doazenean. Horrez gain, gaueko 12etatik aurrera ez dago laborategiko teknikaririk eta analitikak egiteko erabiltzen den makinak errakuntzak ematen ditu behin eta berriz.

Emaitza zerbitzu txarra da, 8 orduko itxaronaldiekin, analitika okerrekin eta haserre dauden gurasoekin Osakidetzak engainatuta sentitzen direlako.

Bukatzeko, inolako segurtasun zerbitzurik ez da aurreikusi, ez pribatua ez publikoa, noski, eta zerbitzu txar hau pairatzen ari diren pertsonek bere haserrea langileengana bideratzen dute, benetako arduradunak Ospitaleko buruak eta Osakidetza bera direnean. Egoera hau Osakidetzari jakinaraztean egoera onartzen dutela esan dute, gertaera larriren bat egon arte.

Bai langileek zein gaixoek ehundaka kexa eta inzidentzia egiten ari dira gertakizun hauengatik guztiengatik, egoera onartezina da. ELAk Osakidetzari exijitzen dio eskualdea nahikoa langilez eta baliabidez osa dezala urgentzien-zerbitzu duin bat eman ahal izateko eta, era berean, Ospitaleko langileen segurtasuna zain dezala eskatzen diogu, bere aurreikuspen ezaren ondorioak pairatzen ari diren langileak, hain zuzen.

 

Bilbon, 2014ko otsailaren 10ean