Gernikako Ospitaleko Larrialdi zerbitzuak berriro gainezka

2015/05/19
Maiatzaren 8 eta 10 arteko asteburuan Gernikako Ospitaleko Larrialdi zerbitzuak kolapsatu egin ziren. Honek udan, eskualdeko bizilagun kopurua bikoizten denean, Busturialdeko bizilagunek biziko duten egoera aurreratzen du.

Gernikako Ospitaleak sortu zenetik arazo estrukturalak dauzka. Gauez ezin dira analitikak modu seguruan burutu ez dagoelako laborategiko langilerik kontratatuta eta, ondorioz, denbora guztian errakuntza larriak ematen dituen makina batekin lan egin behar dute langileek. Era berean, gauez ez dago garbikuntza zerbitzurik. Eta, azkenik, ez dago segurtasun zerbitzurik eta langileek beraiek, behin baino gehiagotan eman diren erasoen aurrean, bere burua defendatu behar izaten dute.

Honi, oraingoan, jadanik aurreikusi daitekeen udako larrialdien kolapsoa gehitu beharko diogu. Ez dago langile nahikorik (txanda bakoitzean 2 mediku eta eguerdiko 12etatik 21etara beste baten errefortzua, 2 erizain, administrari 1, erizain laguntzaile 1 eta zelari 1) ezta azpiegitura egokirik ere (6 box nagusientzat eta 2 umeentzat) Busturialdeko herritarrei udako zerbitzua emateko. Eguraldi ona izan den asteburu bateko kolapsoak udan gertatuko dena aurreratzen du.

Maiatzak 9an Larrialdietara joan ziren 102 gaixoetatik 11ak kexak ezarri zituzten pairatu zituzten atzerapenak salatzeko. Box-ek gain egin zuten eta hainbat gaixo oheetan beharrean gurpildun aulkietan artatu behar izan zituzten; egoera kritikoren bat izan balitz lurrean artatu beharko lituzkete. Kolapso honen aurrean langileek gaixo berriak beste ospitaleetara desbideratzea eskatu zuten, baina Larrialdien Koordinazio Zentrutik eskaria ukatu zuten.

Horrez gain, zentrua inauguratu zutenean gizarteari umeen larrialdi zerbitzua izango zela esan zioten arren, ez dute pediatrarik kontratatu, eta medikuen ezagutza gainditzen duten egoerak ematen direnean umeak beste ospitale batzuetara eraman behar izaten dituzte. Egoera hori izan arren, lan-karga pediatrikoa oso handia da, aipatutako asteburuan artatutako 283 gaixoetatik 80 umeak ziren. Horrenbestez, umeak larrialdietara daramatzaten gurasoek ez dute behar bezalako erantzunik jasotzen eta, normala den moduan, bere haserrea jasandako engainuaren tamainakoa da. Baina gizartea engainatu dutenak ez daude Ospitalean gizarteari erantzunak emateko.

ELAk Gernikako Ospitalerako langile eta azpiegitura nahikoak exijitzen ditu, hau baita behar bezala lan egiteko eta kalitatezko zerbitzua emateko modu bakarra.