Gipuzkoako Osakidetzako langileek greba egingo dute etzi

2014/11/19
Azaroak 20, osteguna, goizeko 8etatik arratsaldeko 22ak arte, Osakidetzako Gipuzkoako langileak grebara deituta daude. Galdutako enplegua berreskuratzeko, lan-karga onargarriekin lan egiteko, osasun zerbitzua hobetzeko eta soldata diskriminazioak kentzeko mobilizazioak dira. Osakidetzak hitzartutakoa bete dezala.
Osakidetzako Zuzendaritzak inolako negoziazio borondate errealik erakutsi gabe jarraitzen du, are gehiago, gezurretan ari da mobilizazio hauen helburua soldata igoera eta jardunaldi murrizketa direla dionean.

Zuzendaritza honek OPEei buruzko iragarpen mediatikoak burutzen ditu, baina azken urteetako lanpostu suntsiketa mantentzen du, langileek pairatzen dituzten gehiegizko lan-kargei ez die konponbiderik ematen eta ez du inolako neurririk hartzen gure osasun zerbitzuaren hondatzea ekiditeko.

SATSE, ELA, LAB, SME-FHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok negoziatzeko borondatea berresten dugu, baita enpleguari buruzko konpromiso argi bat, lan-kargen hobekuntza eta garapen profesionalaren eteteak ekarri duen soldata eskala bikoitza kentzea lortu arte mobilizatzen jarraitzeko asmo irmoa ere.

Eusko Jaurlaritza mobilizazioaren izen ona narriatzen saiatzen ari da eta behin eta berriro grebarako arrazoirik ez dagoela errepikatzen du. Grebarako 3.000 arrazoi dauzkagu, azken lau urteetan suntsitutako 3.000 lanpostuak eta egun orain lau urteko zerbitzurik eman ezin dutenak.

Horrengatik guztiarengatik datorren ostegunean, azaroak 20, goizeko 8retatik 22:00ak arte Gipuzkoan burutuko den greban parte hartzera deitzen dugu, eta bai langileei zein gizarteari eguerdiko 12etan Donostiko Boulevardetik aterako den manifestaziorako deia luzatzen diegu.