Gorlizko Ospitaleari ez zaio axola zerbitzuaren kalitatea, ezta kontratazioak, ezta langileen lan-osasuna ere

2014/09/30
Ez badago kontrataziorik, gasturik ez; bajak eta oporrak ordezten ez badira, aurrezki gehiago; baina lan-kargak handitzen dira langileentzat, eta zerbitzuaren kalitatea ahuldu.
ELAren iritziz kontratazioen arloan premiazko arazo ugari dago noiz konponduko ote diren zain:
  • Hirugarren solairuko eskuineko aldeko plantilla medikoa urriturik dago hainbat hilabetetatik hona. Han barne-medikuntzako hiru fakultatibo badaude ere, azkenaldi honetan bi baino ez dago, hirugarrenak 15 egun darama bajan, eta ez dute ordeztu, lan-utzialdian egon zen bitartean ordeztu ez zuten bezala. Gainera, irail osoan atal horrek mediku bakar bat izan du jardunean, oporraldia hartu ezinik, bestea oporretan ibili baita.
  • Hirugarren solairuko ezkerreko aldeko plantilla medikoa ere antzeko egoeran dago. Barne-medikuntzako bi fakultatiboak ez dituzte ordezten bajetan edo oporretan.
  • Lehenengo solairuko eskuineko aldean ez dute oraindik ordeztu erizain-laguntzaile bat, zenbait hilabetez bajan badarama ere.
  • Oraingo zelaria erretiratuko da laster batean, eta kudeatzaileek ez dute aurreikusi postu huts hori berriro betetzea, solairu bat itxita dagoenez lan gutxiago dagoelakoan.
  • Gainera, ospitaleak ez du lan-osasuneko mediku bat, eta hori ELAri onartezina iruditzen zaio.
Horrela ospitaleak aurreztu egingo du, jakina. Ez badago kontrataziorik, gasturik ez; bajak eta oporrak ordezten ez badira, aurrezki gehiago; baina lan-kargak handitzen dira langileentzat, eta zerbitzuaren kalitatea ahuldu.
Gainera, lan-osasuneko beste arazo batzuk ere hor daude. Ospitaleko solairu batzuk asko berotzen dira, batzuetan 38ºtik gorako tenperatura hartuz (indarrean dauden arauek 27ºtan dute muga ezarrita).
Eta bestaldetik, kudeatzaileek diseinuko besaulkiak erosten xahutzen du dirua. Atseden-guneetan eta erizaintzako kontrolguneetan ipinitako besaulki horiek ez dituzte betetzen langileen beharrizanak, alderantziz, abiapuntuko egoera okertzera etorri dira.