Gorlizko Ospitaleko Asistentzia-Zuzendaritzak fakultatiboen opor-eskubidea urratu du
Asistentzia Zuzendaritzak deseuztatu dio baimena zerbitzu horretako fakultatibo bati zera argudiatuz: “baimenen bitartean plantillaren herena baino ez dago Susperraldi Atalean...”. Gogora ekarri behar diogu Zuzendaritzari baimen horiek aurretiaz eskatzen direla, Zuzendaritzak pertsonalaren beharrizanak programatzeko, eta langileei baimenak onetsi edo ezetsi diren jakinarazteko denbora nahikoa izan dezan. Baina ez da onargarria oporrak hartzeko egunaren bezperan deseuztatzea, behin oporrak baimendu eta karteldegian iragarri ondoren.
Izan ere, Osakidetzaren Lan Baldintzen Erregulazio Akordioaren 38 artikuluaren 8 puntuan honela dio: “Behin langile baten opor-egunak baimendu ondoren, saihestu ezineko eta premiazko arrazoiengatik deuseztatu behar badira, langileak eskubide hau izango du..." Eta 9 puntuan: “Zerbitzuaren beharrizanak direla-eta, tokian tokiko zerbitzu-antolakundeko giza baliabideen zuzendaritzak egutegian ordurako ezarrita dauden oporrak aldatzen badizkio langileari, orduan konpentsatu beharko dio oporraldia 2 lan-egunez luzatuz. Dena dela, Zuzendaritzak gehienez baimendutako aldiaren %50 aldatu ahal izango du”.
ELAren iritziz, orain hartu den neurria EZ dator bat opor-egunak ezesteko edo aldatzeko azaltzen diren kasuekin, behin baimendu eta karteldegian finkatu ondoren. Beraz, langileen oporrak hartzeko eskubidea urratu da, zeren aldez aurretik Zuzendaritzarekin negoziatu eta berak onartu baitzuen.
Hori dela-eta, neurri horri zantzu hertsatzaileak antzematen dizkiogu, zeren joan den ostiralean, uztailak 24, barne-medikuntzaren fakultatiboek idazki bat aurkeztu zuten, ordezpenik ez egiteak sorturiko ondoeza agertzeko. ELAk eskakizun horiek zabaldu zituen komunikabideen bitartez, eta albiste horrek bere eragina lortu du gizartean.
Argi dago neurri hori hertsatzailea izan dela, ospitaleko atal horretako pertsonalak bere ondoeza berriro ez agertzeko, ospitaleko giza baliabideen gabezien ondorioz jasan behar dituzten lan-kargengatik.
ELAk bere erabateko gaitzespena agertzen du, arrazoi hertsatzaileak dituen eta zuzenbidearekin bat ez datorren neurri horrekiko; eta Zuzendaritzari eskatzen dio zuzentzeko, eta ordezpen-arloko murrizketak bertan behera uzteko. Aldi berean, ELAk Zuzendaritzari gogoratzen dio horrelako neurriak ez datozela bat Osakidetzak harturiko konpromisoarekin, plantillan pertsonalaren hornikuntza egokia izateko konpromisoarekin, beti ere ataletan sortzen diren beharrizanak, gutxieneko maila batean behintzat, betetzearren.