Gorlizko Ospitaleko Errehabilitzazio Neurologikoko itxi du Osakidetzak
Gorlizko zuzendaritzak Errehabilitazio Neurologikoko arloa ekainaren 26an itxi zuen, eta iragarri zuenez solairua gutxienez irailaren 30era arte egongo da itxita.
ELAk bere kezka adierazi du, gaurkoz Ospitaleko zuzendaritzak ez baitu hitz eman urriaren 1ean berriz irekiko duenik; litekeena da denbora luzeagoz itxita mantentzeko erabakia hartzea, ondorioz. Gauza bera gertatu zen 2013an; orduan zerbitzua zazpi hilabetez egon zen itxita.
Sindikatuak dioen moduan, solairu hau ixtea, 1. ezkerrekoaren itxiera iraunkorrarekin batera, kontratuetan daramaten murrizte politikaren ondorio da; hau are gogorragoa bilakatzen da uda garaian.
Errehabilitazio Neurologikoko arloko langileak ospitaleko beste solairuetan banatzean udako oporraldian ordezkapenak egiteko aldi baterako pertsonal gutxiago kontratatuko da.
Gainera, arlo honek azken garaitan inbertsio handi bat behar izan du programa eta prozesu berriak ezartzeko, baita terapia berriak eskaintzeko, garun-kaltea pairatu duten pertsonei errehabilitazioan aurrera egite aldera.
Itxiera ulertzea are zailagoa da kontutan izanik langileek birziklatze eta prestakuntza ahalegin handia egin behar izan dutela, betiere zerbitzurik hoberena eta terapiarik eragingarrienak eskaintzearren.
Gainera, osasunaren ikuspuntutik ere ezin da justifikatu, terapian atzera egitea eragin dezakeelako, horrela bertan lan egiten duten 35 profesionalen hilabetetako lana eta gaixoen zein hauen senideen ahalegina zapuztuaz.
Itxiera erabakitzeko ezin da esan eskaria jaitsi denik; patologia honen eragina ez da udako hiletan gutxitzen. Solairua beteta zegoen, eta itxierak pazienteei eskaintzen zaien arretaren kalitateari kalte egingo dio, ospitalean irekita dauden beste solairuetara pasako delarik.