OSAKIDETZAKO GARBITZAILEAK

Greba maiatzaren 21era arte luzatuko da

2023/04/21
Hitzarmena negoziatzeko azken bilera izan dute langileek gaur, 53. bilera, eta ez da inolako aurrerapausorik eman negoziazioa desblokeatzeko eta karrera profesionala ordaintzeko.

Langileek argi dute gatazkaren konponbidea ez dela gutxieneko zerbitzuak zabaltzea, ezta poliziaren boterea kolektiboa beldurtzeko erabiltzea ere. Alternatiba bakarra mobilizazioa da. Izan ere, Osakidetzak 2019-2021 epeko karrera profesionala ordaindu die langileei eta, horregatik, garbikuntzako langile azpikontratatuei ere dagokie eskubide berbera izatea, baina ez dituzte horiek jaso, ezta 2012koak ere. Hori lortu arte borrokan jarraituko dutela berretsi dute langileek.

Grebalariak borrokaren eta duintasunaren adibide dira, eta ez dute etsiko lan-baldintzak duindu eta garapen profesionaleko deialdien zenbatekoa jaso arte. ELAk espero du grebaren bidea utzi duten gainerako sindikatuek datozen asteetan greba deialdi eta mobilizazioetara gehitzea, borroka baita bide bakarra langileen helburuak lortzeko.