Gripe epidemia: Osakidetzak gogoeta egiteko une egokia

2014/01/15
ELAk salatu egin du Osakidetzaren jokabidea, izan ere, batetik, oinarrizko prebentzio-unitateen bitartez deialdi berezia egin die osasungintzako profesionalei txertoa har dezaten, arrisku-taldeekin etengabeko tratua duten aldetik (hots, jarduera profesionalarekin lotutako arriskua dela aitortzen du izatez); bestetik, ordea, bere langileak zigortzen ari da oraindik, gertakari arrunta medio hartutako aldi baterako ezintasunetan soldataren %100 ez baitie ordaintzen, osagarriak murriztuta daudenez

Horrek esan nahi du egoera bitxi batean gaudela: Osakidetzak ohartarazten gaitu esanaz okerrera egingo duela, gure lanak berak arriskua dakarrela berarekin, hori saihesteko neurriak hartuta ere, baina ez du onartzen hau gaixotasun profesional moduan hartzerik.

Horrek hainbat kalte eragingo du: lan-karga handiagoa, kutsatzeko arriskua eta plantilla aktibo murriztua.

ELAk Osakidetzari gogora arazi nahi dio “goitik” agindutakoa betetzen ari delako argudioarekin Patxi Lopez Lehendakariaren murrizketek bajetan ezarri zuten penalizazioa mantentzen ari dela, Urkulluk ere eutsi egin baitie.

Baina ELAk ez du hau onartzen: Osakidetzak murrizketak bere aldetik ezarri zituen, Madrilgoa aitzakia hutsa zelarik, Espainiako gobernuak ez baitzuen hainbesteko mozketarik agindu; gainera, udal, mankomunitate, aldundi edo unibertsitatean iritsitako akordioetan ikusi denez, saihesteko moduko neurria zen hau.

Horregatik, berriro eskatzen dugu kendu digutena itzul diezagutela eta bertan behera gera daitezela murrizketak. ELAren iritziz une egokia da hau Osakidetzak normalizazio aldera bidea egin dezan, esaterako, erabaki dezake epidemiaren ondorioz gaixotzen diren langileei tratu berezia ematea -murrizketetan ere aurreikusita zegoena-, hots, ordainsariaren %100 jaso dezaten bermatzea.