Gurutzetako larrialdiak berriro kolapsatuta
Atzo Gurutzetako Ospitaleko larrialdietan beste kolapso egoera bat bizi izan genuen. Honelako albisteak errepikatu egiten dira, eta oro har gaixo ugari iristen denean gertatzen dira, esaterako gripe epidemiaren une gorienetan. Haatik, atzoko kolapsoa ez da horrelako egoera bategatik izan.
Egoera hauetan ematen diren atzerapen eta pasillotako akumulazioaz gain, atzo gaixo eta senideekin gatazka larriak izan ziren eta Ertzaintzak joan behar izan zuen. Lan-karga hauekin eta, gainera, erasoak izateko arriskuarekin ez dago duintasunez lan egiterik.
ELAk behin eta berriz eskatu izan du Larrialdien egoera sakon aztertzea, baita murrizte politikak zerbitzu honetan dituen eraginak ere. Gure ustez agerikoa da langile eta ohe gabeziaren ondorioz pilatzen direla gaixoak, eta horrek eragozten duela berehalako ospitaleratzea, beharrezko kasuetan.
Horregatik, sindikatu honek Osakidetzari galdegiten dio zerbitzu honetan beharrezkoa den plantilla defini dezala. Ordezkapenak ez egiteak eta egiturazko plantilla nahikoa ez izateak dakarte lan-kargen hazkundea.
Halaber, altak eta ospitaleratzeak lortzeko protokolo-jardunbideak ere aztertu beharrekoak dira. Ospitaleratzeak arintzeko ezinbestekoa da zeladore eta ohe kopuruak gehitzea.
Esan bezala, egoera hau Osakidetzak erabakitako aurrekontu mozketen ondorio da. Berriro diogu: EAEn ELGEko batez besteko osasun-gastuarekiko defizita urtean 1.000 milioi euroren inguruan dabil. Eta horrek eragiten ditu atzokoan Gurutzetan bizi izan zenaren moduko egoerak.
Euskal Herria, 2014ko maiatzaren 22a