Gutxieneko zerbitzuen bilera osakidetzan
Datorren azaroaren 6tik aurrera 5 greba egun deitu ditugu Osakidetzan ordezkaritza daukagun sindikatu guztiok, egun horiei begira Enplegu Sailak deituta bilera izan dugu Osakidetzako zuzendaritzarekin Gutxieneko Zerbitzuei buruz eztabaidatzeko.
Bilera honetan ELAk bere jarrera oso argi azaldu du eta ezin izan da akordiorik izan:
-
Gutxieneko Zerbitzuek igandetan ematen den zerbitzua berma dezatela nahi dugu, bereziki larrialdiei dagozkien zerbitzuetan.
-
Aurreko grebetan Osakidetzan Gutxieneko Zerbitzuen Dekretua urratu izan du hainbat anbulategietan gutxieneko zerbitzuak ezarrita, zerbitzu horiek jaiegunetan ematen ez badira greba egun batean ezartzeak greba eskubidea bidegabeki mugatzen du.
-
Bestetik langile-egoiliarrek (MIR) formazio kontratua duten neurrian ezin dute Gutxieneko Zerbitzurik bete, bere greba eskubidea babestea eskatu dugu.
-
Gutxieneko Zerbitzua burutzen duten langileek jaiegunetako funtzioak bakarrik betetzea eskatu dugu.
-
Gutxieneko Zerbitzuak ezartzean aurretik Osakidetzari greba egiteko bere asmoa azaldu duten langileak ez izendatzea eskatu dugu, oso arrunta izaten baita langile erreibindikatiboenak izendatzea.
Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak Gutxieneko Zerbitzuen bitartez greba eskubidea mugatu izan dute langileen haserrea ikusi ez dadin. Estrategia honen bitartez greben efektua txikitu eta gizarteak murrizketa politiken aurkako bere jarrera ez erakustea nahi izaten dute.
ELAk bileran azaldu du greba egun hauetan Gutxieneko Zerbitzuek gizartearen osasuna arriskuan ez jartzea ziurtatu behar dutela, are gehiago, grebaren bitartez lortu nahi dugu osasun-zerbitzua hobetzea. Langileei dei egiten diegu protesta hauetan parte-hartzera eta greba eskubidea mugatuta ikusten dutenean ELArekin harremanetan jartzera.
Euskal Herrian, 2014ko urriaren 29an