OSAKIDETZAKO GARBITZAILEAK GREBAN

Hitzarmenik gabe jarraitzen dutela salatu dute Legebiltzarrean

2023/05/24
Hitzarmenaren negoziazioa errabat blokeatuta dago eta bost urte baino gehiago daramatzate hitzarmenik gabe, Osakidezaren eta Eusko Jaurlaritzaren konplizitatearekin.

Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzuko langileek elkarretaratzea egin dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta dagoela eta bost urte baino gehiago berritu gabe dagoela salatzeko, grebaren 87.egunean. Azaldu dutenez, zerbitzuaren emakidadun enpresak irabaziak lortzen ari dira langileen lan-baldintza prekarioen kontura, eta Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak ez dute ezer egiten egoera hori konpontzeko.

Langileen aldarrikapen nagusietako bat da Osakidetzak 2022an bere langileei ordaindu zien karrera profesionala jasotzea. Azpikontratatutako langileek 2010era arte dute eskubide hori aitortuta, baina Osakidetzak, osasun publikoa desegiteko eta murrizketak egiteko politikan, zenbateko hori ez diela ordainduko erabaki du.

Hilabete hauetan argi geratu da Administrazio Publikoaren eta patronalaren arteko aliantza. Lan Sailak ezohiko sei garbiketa agindu ditu grebarako eskubidea urratuz, eta, beraz, ELAk bere aurkako errekurtso judiziala aurkeztu du. Negoziazioaren blokeoa ikusita, ELAk proposamen bat egin die alderdi negoziatzaileei karrera profesionalari buruz eta erantzunaren zain dago. ELAk ez du murrizketarik onartuko ordainketa egiterakoan.

Administrazioa langileak desmobilizatzen saiatu den arren, kolektiboa etengabe mobilizatu da azken hilabeteotan. 87 eguneko grebaren ondoren, ELAk ez du greba luzatzea beste aukerarik ikusten gatazka negoziazioaren bidez eta karrera profesionalaren ordainketaren bidez konpondu arte.