HUA: Arabako osasun publikoa lur jota
2010. urtean, ekonomiaren krisian erabat murgildurik geundela, Osakidetzak osasun-politikaren norabidea arineketan aldatu zuen, eta "jakitera eman” zuen nola geratuko zen Gasteizko arreta espezializatuko osasun-mapa. Horrela, eztabaidarik gabe, negoziaziorik gabe eta, jakina, adostasunik gabe.
Osasun-aurrekontua hainbeste argaldu den urteetan, arretaren kalitatea bera ere zalantzan jartzera heldu arte, lehentasuna eman zieten telemedikuntzari, telearretari... eta altxor publikorako eramanezinak ziren diru-inbertsioak proposatu zituzten. Izan ere, biztanlerian eraginik handiena duten osasun-arazoak konpontzeko baino, Zuzendaritza egolatra eta nartzisista batek duen gailentze grina asetzeko dira.
ELA ez zebilen oker, erabiltzailearentzako zuzeneko arreta lorrinduko zela esaten zuenean, eta planteamendu berria gehiago zela osasun pribatuaren sakelak betetzeko, osasun publikoaren baliabideak birbideratzeko baino.
Sindikatu honek gogor lan egin du proiektu hori indargabetzen, gabezia askoz nabarmenagoak konpondu arte, behintzat; besteak beste, ospitale-oheen hornikuntza urriaren gabezia. Osakidetzaren helburuetako bat oheak kentzea izan da, eta joera hori ezin da ulertu. Orain dela bost urte baino ohe gutxiago edukiz nola eman dakioke zerbitzua erabiltzaile-kopuru handiago bati, biztanleria zaharragoa izanik? Eskandaluzko irudi batzuk hasita gaude ikusten: andak larrialdietako korridoreetan, gaixoak ordu luzetan solairu batera noiz igotzeko zain. Egoera hori ez da urrutikoa, gurea da eta egunerokoa.
Baina hori ez da guztia, are harritzeko modukoagoa da jakitea ohikoa izaten hasi dela kirurgia-programazioa bertan behera utzi behar izatea ohe faltagatik. Aste honetan bertan arratsaldeko programazio autokontzertatu osoa bertan behera utzi da. Patologia traumatologikoa ere berandu doa, eta beraz ospitale publikoetan artatzerik ez dituztenak osasun pribatura desbideratu behar dituzte. Gertakari horiek profesionalengan ere eragiten dute. Izan ere, saturazio handiko aldietan lan gehigarri bat egin behar dute: osasun pribatura bidaltzen diren gaixoen txostenak egitea; zeren Historial Klinikoa, normala denez, ezin da atera erreferentziako osasun-zentro publikoetatik.
ELAk exijitzen dio Osakidetzaren Zuzendaritzari Arabako benetako osasun-plan bat egiteko. Biztanleen beharrizanen neurrirako plangintza bat. Erabiltzaileek, langileek eta sindikatu hau nazkaturik gaude, beti Osakidetzaren egitura-arazoak erlatibizatzen direlako. Baliabide publikoen eraginkortasunik eza ez da gertatzen garaian garaiko gripe-izurriteengatik, edo elur-ekaitzengatik. Osasun publikoa dagoen inbutua izugarrizko arduragabekeriagatik da, eta txarragoa dena, osasun publikoa esparru pribatura eramateko interes estrategikoagatik.
ELAk gabezia horiek berehala konpontzeko eskatzen du, eta langileak eta erabiltzaileak bultzatzen ditu parte hartzera, sindikatuak osasun publiko eta kalitatezkoaren alde antolatzen dituen ekitaldietan.