OSAKIDETZA

Indarrean sartu eta hilabetera, familia kontziliaziorako baimen berriak onartu gabe jarraitzen du

2023/07/27
Osakidetzak berriro ere bere barne-burokrazia aitzakiatzat jarri du plantillaren eskubideak urratzeko. Pasa den ekainaren 30ean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren (eta Langileen Estatutuaren) aldaketa bat sartu zen indarrean, 5/2023 Errege Dekretuaren bidez egina. Aldaketa horrek heriotzagatiko, istripu edo gaixotasun larriagatiko, ospitaleratzeagatiko edo ebakuntza kirurgikoagatiko baimenak handitzen ditu; eta semea edo alaba zaintzeko 8 asteko guraso-baimena aitortzen du.

Arau hori zuzenean aplikatzen zaie Osakidetzako langileei indarrean sartu denetik, edo, beste era batera esanda, ekainaren 30etik aurrera, Osakidetzako langileek eskubidea dute aipatutako aldaketaren arabera aitortuta dituzten eskubideak baliatzeko. Bada, araua indarrean sartu zenetik ia hilabete igaro denean, gaur egun, Osakidetzak oraindik ez die bere langileei aitortzen 5/2023 Errege Lege Dekretuan jasotako baimenak hartzeko eskubidea.

Gauzak horrela, gaur egindako Mahai Sektorialeko bileran, Osakidetzak planteamendu bat egin du erregulazio berria aplikatzeko moduari buruz. ELAk salatu du Osakidetzak hilabeteko atzerapena duela ekainaren 30ean indarrean jarri zen arau baten aplikazioan. Giza Baliabideen Zuzendaritzak emandako justifikazioaren aurrean, zeina gai burokratikoetan oinarritzen baita atzerapena azaltzeko, ELAk salatu du barne burokraziak ezin duela ekarri lege batean aitortutako eskubideak urratzea, kasu honetan bezala.

Gainera, Osakidetzak ordaindu gabeko baimen gisa eratzen du guraso-baimen berria. ELAk ordainduriko baimena izatea eskatu du, eta hori perspektiba bikoitzetik: ikuspegi legal eta tekniko batetik, ez dago oztoporik edo debekurik baimena ordaindua izan dadin Administrazio Publikoan; eta genero-ikuspegitik ere ordaindu behar da hau. Sektore feminizatua da Osakidetza, non kontziliazio-neurrien ia %90 emakumeek hartzen dituzten beren gain. Ordaindu ez izanak arrakala horretan eragina izango du; izan ere, soldata txikiena duen gurasoak eskatuko du baimena, bai kontu ekonomiko batengatik, baita genero rolengatik. Gogoratu behar da Osakidetzako soldata-arrakala %25 ingurukoa dela. Horri gehitu behar zaio Osakidetzak ez dakiela, gaur egun, baimenak irauten duen bitartean langilearen kotizazioari eutsiko zaion ala ez.