Jarraipen zabala izan dute Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko lau greba egunek

Grebaren azken egunean, langileek manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan, Plaza Biribiletik Bizkaia plazaraino, eta, azkenean, Osasun Ordezkaritzara iritsi dira. Bertan, Osasun Sailari eta Osakidetzari gatazka konpontzeko urratsak eskatu dizkiete. Horretarako, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileen soldatak parekatu behar dira, %4ko osagarriaren bidez.
Abenduaren 7an, beste behin ere, kolektiboak jasaten duen soldata diskriminazioaren arazoa bideratzen eta negoziatzen saiatu ziren, oraingoan zuzenean Osasun Saileko Zuzendaritzarekin, alegia, Gotzone Sagardui sailburuarekin. Grebak iraun zuen bitartean ere, Transfusio Zentroko zuzendaritzak sindikatuak bilera batera deitu zituen. Bertan, sindikatuek gatazka konpontzeko proposamenak mahai gainean jartzea eskatu zuten, baina berriro ere bizkarra eman die langileei. "Argi utzi dute Saila eta Osakidetza ez daudela prest elkarrizketaren bideari heltzeko eta inposizioaren bidean jarraitu nahi dutela". 2021eko apirilean, Osakidetzak kolektibo horren soldatak parekatzeko proposamen bat eraman zuen mahai sektorialera, baina ez du berriro aipatu.
Sindikatuek beste behin adierazi dute negoziatzeko prest daudela.