GREBA OSAKIDETZAN
Jarraipen zabala Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko grebaren lehen egunean

Sindikatuek salatu dutenez, Osakidetzak uko egiten dio negoziatzeari, ESIetan hainbat tratamendu eta interbentzio arriskuan jartzen dituen bitartean. Izan ere, odola, ehunak eta odol deribatuak falta dira. Gainera, egoera larriagotu daiteke, ebakuntza kirurgikoak eten behar izateraino.
Azken asteotan hainbat arduradun politikok, tartean Lehendakariak, adierazi dute Osakidetzaren arazoa ez dela dirua. Hala ere, sindikatuek deitoratu dutenez, Osasun Sailak ez du ezabatu nahi kolektibo horrek jasaten duen soldata diskriminazioa, eta gatazka irekita mantentzea erabaki du. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek grebak egin dituzte 2021eko abenduan, 2022ko apirilean eta abenduan, eta 2023ko otsailean. Bitartean, Osakidetzak ez die jaramonik egin bere aldarrikapenei.
Sindikatuek behin eta berriz eskatu diote Osakidetzari sartu ditzala langileen aldarrikapenak mahai sektorialaren gai-zerrendan. Azken aukera apirilaren 3an izan zen. Hala ere, Osakidetzak entzungor egiten jarraitzen du. 2023ko otsailaren 14an, greba batzordeak Lan Harremanen Kontseiluan bilera batera deitu zituen Osakidetza, Osasun Saila eta Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko Zuzendaritza, baina ez ziren agertu ere egin. Gai hori Mahai Sektorialean aztertu behar dela argudiatu dute, baina gai hori negoziatzeari uko egin diote.
Gauzak horrela, SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta UTESEk berriro eskatu diote Osakidetzari aintzat hartu ditzala langileen aldarrikapenak, gatazka behingoz bukatu dadin.