Justizia auzitegi nagusiak berretsi du ATS/DUE baten haurdunaldiaren arriskuari buruzko epaia

2014/01/14
Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak berretsi du Donostiako Lan-arloko Epaitegiaren epai bat, zeinaren bidez haurdunaldiaren arriskuaren prestazioa aitortzen baitzaio ATS/DUE kategoriako langile bati, prestazioa onartzeko eskatu zuen egunetik, eta ez ,Mutua Universalek nahi zuen bezala, haurdunaldiaren 30. astetik aurrera

Enpresak egiaztatu zuen ez zuela beste postu egokiagorik langilea kokatu ahal izateko.

Epaiaren gainean egin litekeen analisi juridikoa gorabehera, nabarmendu beharrekoa da bai Lan-arloko Epaitegiak, bai EHANak Prebentzio Zerbitzuaren arrisku-ebaluazioari emandako garrantzia. Ebaluazio horretan jasotzen ziren lanpostuaren arrisku guzti-guztiak.

Aspalditxotik salatu izan dugun bezala, mutualitateek arrisku-prestazio hori eragozten diete langile haurdunei, lanpostuan arriskurik ez dagoelakoan, edo izatekotan arrisku txikiegia dagoelakoan. Horrela, prestazioa albait beranduen jasotzen hasten saiatzen dira. Zenbaitetan haurdunari gomendatu diote osasun-zerbitzu publikora joatea, eta han “gaixotasun arrunteko baja” eskatzea, “paperetan” gehiegi ez ibiltzearren.

Sektore gehienetan, baina batik bat sektore sanitario eta sozio-sanitarioetan, mutualitate gehienek arrisku-mota batzuk bakarrik hartzen dituzte kontuan, adibidez, izaera fisikokoak, pisuen eraman-ekarriak, erradiazioekiko esposizioak... eta horrelakoetan bai onartzen dituztela besterik gabe prestazioaren hasiera tauletan aurreikusitakoaren arabera (SEGO, INSS...)

Hala ere, ez dituzte kontuan hartzen langile haurdunek egiten dituzten jarduera guztien arrisku guztiak; eta bazter uzten dituzte sarritan agente biologikoekiko esposizioetatik datozen arriskuak: konstanteak hartzea, ebakuntzaren aurreko eta osteko zainketak, jaio berriak eta gaixoak zaintzea... Agente infekziosoak hainbat bidetatik transmititzeko arriskuekiko esposizioa handia da langile-kidego horretan; hori dela-eta, arriskuen ebaluazioan kontuan hartu behar dira, halaber, haurdunaldirako eta edoskitze naturalerako arrisku biologikoak.

Garrantzizkoa da arriskuen ebaluazioa prestatzeko modua partaidetzari irekia izatea, eta gutxienez lan-arriskuen prebentzioko arauetan arrisku-faktoretzat jotzen diren guztiak kontuan hartzea (agente kimikoak, fisikoak, biologikoak eta faktore ergonomiko eta psikosozialak, hots, arrisku guzti-guztiak). Zalantza eginez gero, aldekoen diren prebentzio-neurriak hartu beharko dira, langile haurduna, umekia eta edoskitzailea behar bezala babestearren, eta horretarako lanpostuz ere aldatu ahal izango da.

Oraingo kasuan Mutua Universal prestazioa eskaera-egunetik ordaintzera kondenatu dute, langileak hogeita hamargarren astera arte lanean eta soldata jasotzen ari izan den arren.