Justiziak arrazoia eman dio ELAri eta Osakidetza zigortu du langileen greba eskubidea urratzeagatik

2023/01/18
ELAk salaketa jarri zion Osakidetzari gutxieneko zerbitzuek ezarritakoa baino osasun zentro gehiago irekitzeagatik 2022ko otsaileko grebetan. Ez da lehenengo aldia Justiziak Osakidetza zigortzen duena greba eskubidea urratzeagatik.

ELAk epaitegietara jo zuen 2022ko otsailaren 25ean eta 28an Osakidetzako Lehen Arreta eta Arreta Espezializatuetan deitutako grebetan langileen grebarako eskubidea urratu zelako. Izan ere, ezarritako gutxieneko zerbitzuak errespetatu ez, eta ahal baino osasun zentro gehiago ireki zituzten. Bada, Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 1 zenbakiko epaitegiak berretsi egin du sindikatuaren argudioa, eta Osakidetza zigortu du.

Greba horiek jarraipen zabala izan zuten, nahiz eta Lan Sailak eta Osakidetzak gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri. Izan ere, greba egunetan, Lehen Arretan, larunbatetan zerbitzua eskaintzen duten zentroak bakarrik ireki daitezke, hau da, Etengabeko Arreta Guneak. Osakidetzak, ordea, osasun zentro gehienak ireki zituen, beti ere, grebaren kaltetan.

Osakidetzaren erabaki horren aurrean, ELAk oinarrizko eskubideak babesteko demanda aurkeztu zuen, sindikatuaren beraren eta langileen grebarako eskubidea urratzen zuela iritzita. Auzitegiak arrazoia eman dio eta Bilbo-Basurtu, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta eta Barakaldo-Sestao ESIetan greba eskubidea urratu zela ebatzi du.

ELAk gogorarazi du ez dela lehen aldia Osakidetzak greba eskubidea urratzen duena eta Justiziak zigortzen duena. Sindikatuak argi dauka grebaren aurkako neurria dela, azken deialdietan jarraipena oso zabala izan delako.