OSAKIDETZAKO ETENGABEKO ARRETA GUNEAK

Kontingentzia planaren eta murrizketen aurkako elkarretaratzea

2024/02/27
Barrualde-Galdako ESIak Etengabeko Arreta Gune batzuk behar baino baliabide gutxiagorekin irekitzea ahalbidetzeko dokumentua aurkeztu berri du, fakultatiborik gabe irekitzea ahalbidetuko lukeena.

ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek guztiz arbuiatzen dugu Kontingentzia Plana, medikuen, erizainen eta zeladoreen lan-baldintzak prekarizatzen dituelako. Etengabeko Arretako Guneetan baliabide guztien egonkortasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartzea eskatzeko protesta egin dugu Durangoko eta Basauriko EAGetan, eta martxoaren 7an manifestazioa deitu dugu, goizeko 11:00etan, Basauriko udaletxetik. 

Osakidetzak eta Barrualde Galdakaoko ESIak entzungor egin diete herritarrek eta profesionalek deitutako manifestazioei, EAGen kudeaketa eskasa salatu izan dutenean. Baliabide eskasak izaten jarraitzen dute eta, hori gutxi ez, Kontingentzia Plan bat aplikatzea proposatu dute. Sagardui Osasun Sailburuak iragarri zuen egoera berri hau 2022an; Osakidetzaren etorkizunaz hitz egitean, azaldu zuen erizainek artatutako zentroak izango ditugula, eta herritarrek joan-etorriak egin beharko lituzketela arreta jasotzeko. Bada, errealitate hori iritsi da.

Hain zuzen, fakultatiborik gabe ireki ahal izatea aurreikusten du Kontingentzia Planak, lantaldea osatu gabe utzita. Hori dela eta, langileek lan gainkargari eta estres egoerari aurre egin beharko diote, baliabide eskasak izanagatik. Erabaki honek herritarrek jasotzen duten zerbitzuan ere izango luke eragina, okerrera eginez. Plana aplikatuz gero, murrizketa bat finkatuko litzatee. Planteamendu hori bereziki larria da, kontuan hartzen badugu 2022an ESIko zentroek 241.806 kontsulta baino gehiago artatu zituztela; horietatik 136.844 kontsulta medikoak izan zirela eta 104.962 erizaintzako kontsultak baino gehiago.