OSAKIDETZAKO LEHEN ARRETA

Kontzentrazioak, zerbitzua desegiten ari direla salatzeko

2023/05/11
Osakidetzako langileek berriz salatu dute lehen mailako arreta desegiten eta prekarizatzen ari direla. Hala adierazi dute SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk Gasteizen, Bilbon eta Errenterian deitutako elkarretaratzeetan. Zehazki, Buruagako (Bilbo), San Martingo (Gasteiz) eta Iztietako (Errenteria) osasun zentroetan egin dira kontzentrazioak. Maiatzaren 18rako eta 19rako deitutako bi greba egunen atarian, Osasun Arloko Mahai Sektorialean dauden sindikatuek gogorarazi dute 2019an hiru greba egunen ostean zeukaten egoerak okerrera egin duela Osasun Sailaren pasibotasunaren aurrean. Ziurtatu dutenez, profil profesional batzuen falta aitzakia ezin hobea bihurtu da beste egoera batzuetan onartezinak izango liratekeen neurriak aplikatzeko. Gaineratu dutenez, EPEetan izena eman duten pertsonen kopuruak agerian uzten du badaudela kontratatzeko profesionalak, baina Osakidetzak eskaintzen dizkien lan baldintza kaskarren ondorioz, osasun pribatuan edo atzerrian lan egitera doazela.

Sindikatuek berriro salatu dute Lehen Mailako Arretako lan baldintzak eta ematen den zerbitzua gero eta okerragoak direla: EAG itxiak; ordutegien murrizketa; absentziak eta erretiroak ez betetzea; kontratazio prekarioa; behin-behinekotasun tasa altuak; lanaren gainkarga sistematikoa; fakultatiborik gabeko EAG irekiak, etab.

Gauzak horrela, SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk maiatzaren 18rako eta 19rako deitutako bi greba egunekin bat egiteko deia egin dute.