Kontzentrazioak eta itxialdiak, Osakidetzako Lehen Arretako murrizketen aurka

Joan den ekainaren 8an, Osasun sailburuak adierazi zuen artatuak izateko herritarrek gehiago eta maizago mugitu beharko dutela. Sindikatuen iritziz, adierazpen horiek agerian utzi dute Eusko Jaurlaritzaren estrategia: Lehen Mailako Arreta desegitea eta gainerako asistentzia mailak prekarizatzea, pribatizazioaren, zerbitzu publikoen aurkako erasoaren eta osasu aseguru pribatuen negozioaren bidez.
Sindikatuek azpimarratu dute Sagarduik argi hitz egin duela, nahiz eta sortutako zalapartaren ondoren Eusko Jaurlaritza bere adierazpenak zehazten saiatu. “Sailburuak argi eta garbi azaldu zuen kontsultategiak itxiko direla; batzuetan erizaintzako langileak bakarrik arituko direla; ospitaleetako espezializazioan sakontzen jarraituko dutela, edo, bestela esanda, gaur egun dauden zerbitzuak itxiko dituztela, EAE osoan ospitale bakar batean eskaintzeko; eta herritarrak gehiago eta maizago lekualdatu beharko direla. Hau da urtez urte aplikatzen duten errezeta: prekarizatu, gainkargatu eta murriztu. Ez dago beste planik”, kexu dira.
Ekainaren 17an, Lehendakariak Legebiltzarrean adierazi zuen Eusko Jaurlaritzak Lehen Mailako Arreta indartuko duela eta plantillak handitu, berritu eta sendotuko dituela, baina sindikatuek gezurtatu egin dute hori. “Urkullu gezurretan ari da. Beste behin, Osakidetzak udan osasu zentroak itxiko ditu; beste batzuen ordutegia murriztuko du; ez ditu profesional askoren oporrak ordezkatuko; are gehiago zamatuko ditu aldi horretan zerbitzuak ematen dituzten langileak; eta prekarizatu egingo du herritarrei eskaintzen zaien arreta”, kexu dira.