OSAKIDETZA

Kontzentrazioak Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostia Ospitaleetan lan-baldintzak salatzeko

2023/04/20
ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deituta langileek elkarretaratzeak egin dituzte Txagorritxu, Gurutzeta eta Donostia ospitaleetan, pairatzen dituzten lan baldintza eskasak salatzeko eta Osasun Sailari berehalako irtenbideak eskatzeko. Maiatzaren 18ko eta 19ko greba-deialdiaren ondoren, sindikatuek Sailburuari Mahai Sektorialera joateko eskatu dioten arren, Osakidetzak ez du inolako erantzunik eman.

Osakidetzak ez du pausorik eman Mahai Sektoriala desblokeatzeko eta benetako negoziazio bat irekitzeko, gure osasun-sistema publikoak bizi duen egoera larriari irtenbidea emateko helburuarekin. Gogoratu behar da apirilaren 3an ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek eskaera formal bat erregistratu zutela Sailburuari Mahai Sektorialera joateko eskatuz. Gaur egun, sindikatuek ez dute eskaeraren erantzunik jaso, eta ez da inolako harremanik izan.

Bitartean, sindikatuek Osasun Sailak publiko egin duen plan estrategikoaren berri izan dute komunikabideen bitartez. Sindikatuekin eztabaidatu gabeko plana da, beste behin inposizioaren emaitza, eta gaur egun ez daukate horren xehetasunik, Osakidetzak desegite neurriak aurkezteko erabiltzen dituen propaganda-panfletoetatik haratago. Hobekuntza planez mozorrotzen ditu Osakidetzak bere desegite neurriak. Nolanahi ere, eta komunikabideek jasotakoa ikusita, azpimarratu behar da, propaganda horretatik harago, planteatutako neurriek ez dietela heltzen Osakidetzaren benetako eta egiturazko arazoei. Planteamendu orokorrak dira; epe ertainera; eta ez dituzte funtsezko gaiak jorratzen, hala nola plantillaren lan-baldintzak hobetzea, profesionalak erakartzeko eta mantentzeko beharra, edo presentzialtasuna bermatzeko beharra. Osasun-zentro birtual bat sortzea bezalako neurriak, asko urruntzen dira kalitatezko osasun-arretatik.

Gero eta nabarmenagoa da Osakidetzak bizi duen egoeraren larritasuna, bereziki Lehen Arretan. Argi dago, halaber, Osakidetzak ez duela beste planik, murrizketak aplikatzen eta langileak estutzen jarraitzea baino. Egoeraren larritasunak, negoziaziorik ezak, Mahai Sektorialaren blokeoak eta Osasun Sailaren konponbide faltak eraginda, Mahai Sektorialeko sindikatuek bi greba-egun deitu dituzte maiatzaren 18rako eta 19rako.

Testuinguru horretan, ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek apirilaren 22rako Donostian (17etan, Boulevardean), Bilbon (12tan, Jesusen Bihotzean) eta Gasteizen (12tan, Bilbo plazan) deitutako manifestazioetan parte hartzera animatzen dituzte, bai langileak bai herritarrak. Osasun publikoaren arazoak egiturazkoak eta pandemiaren aurrekoak dira, eta berehalako konponbide sakonak behar dituzte. Osakidetzak eta Osasun Sailak borondate politikoa izan beharko lukete, propagandaz gain, osasun publikoa benetako lehentasun bihurtzeko.