ASUNCIÓN KLINIKA (TOLOSA)

Langile guztiak hartuko dituen kalitatezko osasungintza publiko baten alde

2024/03/21
ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek kontzentrazioa egin dute Tolosako Asunción Klinikaren aurrean. Bertan, Asunción Klinikako langileekin batera, iragarri dute mobilizatzen jarraituko dutela Tolosaldean herritarrek merezi duten osasungintza publiko eta kalitatezkoa lortu arte.

Hau da bilkuraren ostean irakurri den oharra

TOLOSALDEKO OSASUNGINTZA %100 PUBLIKOA, ZERBITZU GUZTIEKIN ETA ASUNCIONEKO LANGILEEKIN

Asuncioneko langileok eta Tolosaldeko herritarrok urteak daramatzagu ospitale publiko baten aldarrikapena aurrera ateratzeko mobilizatzen. Langileok, hamaika aldiz salatu ditugu gure lantokia den Asuncion klinikako lan baldintzak, baita bertan ematen den zerbitzuak dituen gabezia eta arazoak ere.

Eusko Jaurlaritzak Tolosan ospitale publikoa eraikiko dela erabaki zuen 2019an, langile eta herritarren mobilizazioei esker. Baina ondoren eman diren pausoek eta ospitalearen etorkizunak hartu duen norabideak, kezkaz betetzen gaituzte bertako langileak:

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzak ospitale publikoa nolakoa izango den definitzen duen Plan Funtzionalari erreparatuta, argi ikusten da ez dituela inguruko eskualdeetako ospitaleek dituzten zerbitzuak izango. Populazioz oso antzekoa den Debagoienako ospitaleak dituenak adibidez. Orain gutxi Sagarduik osasun batzordean ospitale berriaren plan funtzionalari buruz egindako adierazpenek berresten dute esandakoa.

Tolosaldeko alkateek, Asuncion ospitaleak orain ematen dituen zerbitzu batzuk ematen jarraitzeko aukera ere mahai gainean jarri dute. Alkateek Asuncion publifikatzeko eskariari Sagarduik muzin egin ondoren, Tolosaldeko osasungintza guztiz publikoa ez izatea du Eusko Jaurlaritzak helburu. Eraiki nahi den ospitale berriko langile denak publikoak izango diren bermerik ere ez du ematen plan funtzional horrek eta garbitzaile lanak egiten dituzten langileen inguruan adibidez ez da ezer aipatzen.

Asuncioneko langileekin zer gertatuko den ez du argitzen plan funtzionalak eta ez dute argitu osasun batzordean ere. Berriki Tolosako udalean langileen ordezkariok izan dugun bilera batean ere, ospitale berrira subrogatuak izateko eskaera ez dute ontzat ematen. Azken hamarkadetan Asuncioneko langileak izan gara herritarrak artatu ditugunak, zailtasun ugariren aurrean, profesionaltasunez eta arduraz lana eginez. Eskualdeko ospitale funtzioa bete dugu, nahiz eta funtzio hori betetzeko, beste eskualdeetako ospitale publikoak baino baldintza okerragoetan lan egin behar izan. Asuncion klinikako langileak ez dituen ospitale publikorik ez dugu onartuko.

Hau horrela, langile batzordea osatzen dugun LAB eta ELAtik beste behin Tolosaldeko osasungintzaren eredua aldarrikatu eta ardura instituzionala duten EAJ eta EH Bilduri bere defentsa egin dezaten eskatzen diegu:

  • Zerbitzu guztiak izango dituen osasungintza Tolosaldean
  • % 100ean Publikoa
  • Asuncion klinikan lan egiten duten langileak subrogatuak izatea

Langileak mobilizatzen eta bidea egiten jarraituko dugu Tolosaldean aldarrikatzen dugun Osasungintza, publikoa izan dadin lortu arte.