OSAKIDETZA
Langileak falta dira Etengabeko Arreta Guneetan (EAG) eta larrialdietan
Osakidetzak osasun publikoa murrizten jarraitzen du eta Etengabeko Arreta guneetan (EAG) eta Larrialdietan langileak falta dira, batez ere medikuak. Apirilean eta maiatzean, medikuak falta izan da Zornotzako, Bengoetxea-Donostiako eta Hernaniko EAGetan, baita Emergentzietako Gipuzkoako Koordinazio Zentroan ere.
ELAk behin baino gehiagotan salatu du Lehen Arreta desegiteko plan bat dagoela, eta, zehazkiago, EAGak desegiteko plana, eta horrek berekin dakarrela langileen lan baldintzak prekarizatzea (langilerik ez dagoenez, pazienteak beste baliabide batzuetara bideratzen dira, horiek ere gainkargatuz) eta osasun asistentzia pobretzea.
Emergentizetako Koordinazio Zentroen kasuan, fakultatiboak ez ezik, langileak ere falta dira kategoria guztietan (erizainak eta operadoreak), eta hori arriskutsua da plantillarentzat berarentzat eta langileen osasunarentzat. Gainera, behin eta berriz gertatzen da ZIU mugikorreko anbulantzietan medikuak falta izatea.
ELAk salatzen ditu Osakidetzaren murrizketak eta lan baldintzen prekarizazio politikak, asistentzia maila guztietan gertatzen ari baita, bereziki EAGetan eta Emergentzietan: (murrizketak ESI Barrualde, Areilza, Deustu, Zumarraga, San Martin, Donostia, Hernani, Bergara, Emergentzietako Koordinazio Zentroak, ZIU mugikorra...). Gainera, murrizketa horiek egiturazko bihurtzen ari dira eta murrizketa gehiago etorriko dira.