BIOGIPUZKOA

Langileek protesta egin dute Zientzia Legea aplika dadila exijitzeko

2025/04/30
ELAk salatu du Legea aplikatzeko borondaterik ez dagoela, duela bi urte baino gehiago onartutako lege bat oraindik ez baitago indarrean. Lege honen arabera, besteak beste, lan kategoriak eta ordainsari baldintzak Osakidetzarekin parekatu beharko lirateke.

BioGipuzkoako langileek bi orduko lanuzteak egin dituzte gaur Donostian, 2022an onartutako Zientziaren Legea aplikatzen ez dela salatzeko. Lege honen arabera, lanbide-kategoriak eta OIIen ordainsari baldintzak Osakidetzarekin parekatu beharko lirateke, eta karerra profesionala bermatuko duten neurriak ezarri, besteak beste.

Langileek hainbat proposamen aurkeztu dizkiete zuzendaritzei, baina prozesua luzatzeko erakutsi duten jarrerak epaitegietara joatera behartu ditu. ELAk azpimarratu du ez dituela Legeak ezarritakoa baino gutxiago negoziatuko, eta, beraz, honako hau eskatzen du:

  • Lanbide-kategoriak eta OIIen ordainsari-baldintzak Osakidetzarekin parekatzea.
    Osakidetzaren pareko garapen edo karrera profesionala bermatuko duten neurriak ezartzea.
    Ikertzaileen soldatak legearen araberakoak izateko adinako urteko inbertsioa. Ikerketaren iraunkortasuna bermatu behar da, OIIen eta ikerketa-taldeen arteko kofinantzaketarik gabe ezinezkoa da planteatzen den soldata-igoera bere gain hartzea.
    Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak eta ikerketa-bekak eguneratzea, legearen arabera.

ELAk gogorarazi du BioInstitutuetako (BioGipuzkoa, BioBizkaia eta BioAraba) 550 langileren baldintzetan eragina izaten ari duela Zientzia Legearen aplikazio ezak.