GURUTZE GORRIKO OSPITALEA (BILBO)
Langileek soldata igoera nabarmena eta 37 orduko lanaldi murrizketa dituen hitzarmena lortu dute
Hiru eguneko grebaren ondoren, Bilboko Gurutze Gorria Ospitaleko batzordeak (ELAko kideak osatzen dute osorik) akordio bat lortu du. Akordio horrek, besteak beste, KPIa lotutako soldata-igoerak jasotzen ditu (KPI + % 5), jaiegunetako plusaren hobetzea, lanaldia 37 ordutan murriztea urtean 1592 orduko lanaldira arte, 55 urtetik gorakoek lehenago lortzea murrizketa hori, eta dedikazio plusaren baldintzak hobetzea. Baita obrengatik egingo den ERTEaren osaketa % 100ean.
ELA urtarriletik ari zen hitzarmen kolektibo berri bat negoziatzen. Negoziazio horretan, Bilboko Gurutze Gorriak uko egin zion aurreko urteetan galdutako erosteko ahalmena bermatzeari eta urteko 1592 orduko lanaldia ezartzeari. 100 pertsonatik gorako plantilla duen zentro bat da non lanaren %90 Osakidetzarentzat egiten den.
ELAko Enpresa Batzordeak, erosteko ahalmena bermatuko zuten baldintzak aldarrikatu zituen, baita aurreko galera ekonomikoak berreskuratzea eta lanaldiaren murrizketa ere. Azkenik, hori posible izan da afiliazioari, mobilizazioei eta grebari esker, baita langileen erabateko babesari esker, hiru greba egun arrakastatsu egin baitituzte.