OSAKIDETZAKO LARRIALDIAK

Langraizen jarri nahi duten Bizi Euskarri Aurreratu Medikalizatuan langileen eskubideak galduko dira

2023/05/29
ELAk, CCOOk, LABek, SATSEk, ESK-k, SMEk eta UGTk salatu dute Osakidetzak Bizi-Euskarri Aurreratu Medikalizatua (BEAm) jarri nahi duela martxan Langraizen (Araba), urteko egutegia, lan karteldegia, atsedenaldiak, oporrak... nolakoak izango diren zehaztu gabe. Hainbat bilera egin ondoren, eta zuzendaritzak emandako informazio eskasean oinarrituta, lan eskubideak galduko direla esan dute. Lehenik eta behin, urtean 1532 eta 1557 ordu bitarteko karteldegia ezarri nahi dutelako, baina hori ez da nahikoa Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioan eskatzen den urteko gutxieneko lanaldia (1592 ordu) betetzeko. Bigarrenik, bi hilean behingo karteldegia eman nahi dutelako, baina urteko karteldegia ezagutu gabe ezinezkoa da planifikatzea eta kontziliatzea. Hirugarrenik, oporrak unitateko langileen artean bete beharko dira, hau da, ez da Osakidetzako kontratazio zerrendetara joko langile batzuek oporrak hartzeko aukera izan dezaten. Ildo beretik, unitateari atxikitako langileen artean bete beharko dira lizentzia egunak. Horrek etengabeko egutegi aldaketak dakartza, eta ondorioz, prekarietatea”, deitoratu dute. Gainera, aurreikusten dute egungo larrialdietako zuzendaritzak Langraizko eredu hori EAEko gainerako larrialdietara zabalduko duela.

Martxoaren amaieran iragarri zuen Osasun Sailak Bizi-Euskarri Aurreratu Medikalizatua jarriko zuela abian Langraizen. Sei medikuk, sei erizainek eta Osasun Larrialdietako sei teknikarik osatuko zuten. Osakidetzako Larrialdietako beste AZLetan bost medikuk, bost erizainek eta bost TEk egiten dute lan.
Langileen Batzordea osatzen duten sindikatuak ez daude ados zuzendaritzak egindako planteamenduarekin, lan eskubideak galtzea dakarrela uste baitute. Honako hauek dira arrazoi nagusiak:

  • Ez da zehazten nola beteko diren Osakidetzaren Hitzarmenean jasotako urteko lanorduak eta oporrak.
  • Langileek eskubidea dute urteko karteldegi osoa izateko urtearen hasieran, lana eta bizitza planifikatu eta bateratu ahal izateko. Langileek ontzat ematen dute larrialdiren bat edo aurreikusi ezin zitekeen zerbait gertatzen baldin bada aldaketak egin ahalko direla, baina ez nahieran eta justifikatu gabe.
  • Ezingo dira oporrak hartu langileen artean adostutako txandakatzearen arabera, Osakidetzaren Akordio Arautzailean ezartzen den bezala.
  • Zerbitzuaren esanetara egon beharra dakar. Zerbitzuaren beharrak une oro bete ahal izateko eta, horrela, urteko orduak betetzen direla bermatzeko.