Lehen arretako grebak azken hamarkadako jarraipenik handiena izan du Osakidetzan

2022/02/25
Osakidetzan bizi den egoera larriaren aurrean, ELA, SATSE, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bi greba egun deitu dituzte: otsailaren 25ean Lehen Arretan eta otsailaren 28an Osakidetza osoan. Gehiegizko gutxieneko zerbitzuak izan arren, zentro askotan jarraipena % 100ekoa izan da hainbat kategorietan, eta zentro batzuek itxi ere egin behar izan dute.

Gaur, lehen greba egunean, oraingoan Lehen Arretan, esan behar dugu grebaren jarraipena masiboa izan dela. Zentro askotan, grebaren jarraipena %100ekoa izan da hainbat kategoriatan, batez ere greba masiboki egiten ari diren Bezeroarentzako Arreta Eremuetako langileen artean. Deialdiaren jarraipen masiboaren ondorioz itxita egon diren zentroak ere badaude, jendearentzako arretarik gabe, hala nola, Gasteizko Alegria-Dulantzi, Gazalbide, Salburua edo Lakuabizkarra; Portugaleteko Buenavista; Bilboko Saez de Buruaga; Zarauz, edo Oiartzun. Grebaren jarraipena azken hamarkadako handiena izan da Osakidetzan. Guztira, jarraipena %70tik gorakoa dela esan dezakegu.

Errebindikazio egun honetan, Lehen Arretako langileek, herritarrekin batera, hainbat elkarretaratze egin dituzte Osasun Zentroen aurrean. Mobilizazio horiek oso jendetsuak izan dira, eta, zalantzarik gabe, langileen eta herritarren gogaitasunaren berri ematen dute.

Grebak arrakasta handia izan duen arren, salatu behar dugu, beste behin ere, Eusko Jaurlaritza eta Osakidetza bera greba oztopatzen eta haren jarraipena minimizatzen saiatu direla:

  • Lan Sailak emandako Gutxieneko Zerbitzuen Aginduak grebarako eskubiderik gabe utzi ditu kolektibo asko, gutxieneko zerbitzua plantillaren %100ekoa dela ezarri baitu: garbiketa, EAGetako langileak, larrialdiak, kontaktuen bilaketa eta jarraipena, lan-arriskuen prebentziorako zerbitzuak eta Prebentzio Medikuntza, txertaketa. Horrela, pandemiaren hobekuntzagatik neurriak kentzen diren bitartean eta balizko hobekuntza horren ondorioz Lehen Arretari emandako errefortzu apurrak kentzen diren bitartean, pandemiaren aitzakia erabiltzen da grebarako oinarrizko eskubidea oztopatzeko eta baita baliogabetzeko ere.
  • Hori gutxi balitz, Aginduaren gehiegizko interpretazioa salatu behar dugu, bereziki ESI batzuen aldetik. Hala, 2019az geroztik itxita dauden EAGak irekitzeko agindua eman da (Zumaia edo Lasarte, esaterako), eta Aginduak larunbat bateko ohiko zerbitzua eman behar dela ezartzen duen arren, asteburuetan irekita ez dauden osasun-zentroak irekitzeko agindu da. Gainera, nahiz eta grebalariak ez direnak lanean egon, gutxieneko zerbitzuak egitera behartu dituzte greba egin nahi zuten langileak.
  • Bestalde, grebaren jarraipena zenbatzeko orduan, Osakidetzak beti manipulatzen ditu datuak, eta, beraz, grebarekin bat egiteko aukera izan dutenen artean zenbat jendek egin duen greba adierazi beharrean (adierazi dugu gutxieneko zerbitzu gisa izendatutakoek ez dutela aukera hori), plantilla osoa hartzen du oinarritzat, nahiz eta jakin plantilla horren zati handi batek ezin duela greba egin. Datu errealak emateko eskatzen diogu Osakidetzari.

Mobilizatzeko eta Osakidetza bere posizioak mugitzera behartzeko unea dela azpimarrtu nahi dugu. Gaur Lehen Arretan edo astelehenean Osakidetza osoan egingo den greba orokorra da horretarako bidea. Oso positibotzat jotzen dugu gaurko greba-eguna, eta dei egiten diegu langileei datorren egunean, otsailaren 28an, deitutako grebarekin bat egin dezaten.

Era berean, bihar, larunbata, EAEko hiru hiriburuetan egingo diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin nahi diegu langileei eta herritarrei.