Lehen Arretako pediatra falta eskandaluzkoa da

2015/06/08
Osakidetzako murrizketek langile eta gaixoengan eragina dute. Baina, horrez gain, behar bezalako kudeaketa ezak berriz ere oinarrizko zerbitzuetan ematen diren gabeziak salatzera eraman du ELA.

Lehen Arretako pediatra falta eskandaluzkoa da. Adibide bat ematearren, Bilbon pediatriako kontsulten %30 beste espezialista batzuek betetzen dituzte. Zehazki, guztira pediatriako 42 kontsulta baldin badaude, Bilbon hamarretik gora kontsulta Familia Medikuek artatzen dituzte.

Osakidetzako murrizketek langile eta gaixoengan eragina dute. Baina, horrez gain, behar bezalako kudeaketa ezak berriz ere oinarrizko zerbitzuetan ematen diren gabeziak salatzera eraman gaitu.

Lehen Arretako eredu pediatrikoak porrot egin du eta Osakidetzak ez du inolako neurririk hartzen egoera konpontzeko. 2015ean Osakidetzak Pediatriako Barne-Mediku Egoiliarren 18 lanpostu besterik ez ditu eskaini, urtero 20tik gora pediatrek erretiroa hartzen dutenean. Hau da, kontuan izanik jadanik ez dagoela pediatrarik egungo eredua mantentzeko, formazioan ari diren pertsonekin etorkizunean izango diren erretiroak ere ezingo dituzte bete.

2010ean Osakidetzak Pediatriako Plan Zuzendaria burutuko zuela adierazi zuen, ordutik hona ez dugu honi buruzko berririk izan. Argi dago egungo ereduak porrot egin duela eta Osakidetzak irtenbideren bat diseinatu behar du.

Era berean, pediatriako funtzioak beregain hartzen dituzten Familia Medikuen esfortzua, profesionaltasuna eta konpromisoa saritu egin behar dira ematen ari diren zerbitzuaren kalitatearen ordainetan. ELAk zentzu horretan lan egingo du.

ELAk Osakidetzari dei egiten dio sindikatu eta lehen arretan aritzen diren pediatriako elkarteekin irtenbide bat diseinatu eta adostu dezan.