Mobilizazioak Osakidetzan soldatak parekatu ditzaten eskatzeko

2022/03/10
ELA, SATSE, LAB, CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek deituta, mobilizazioak izan dira Bilbon, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroan (TGEEZ) eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sarean, Osakidetzari exijitzeko %4ko osagarria ordain diezaiela bi kolektiboei, eta, horrela, lan-baldintzak parekatu daitezela, behingoz, erakunde publikoko gainerako langileen baldintzekin. Deialdia egin duten sindikatuek Osakidetzari eskatu diote onar dezala bi kolektibo horiek diskriminatuta daudela. Zentzu horretan, lan-baldintzak Osakidetzako gainerako langileekin parekatzeko urratsak egitea eskatu diote, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko eta Osasun Mentaleko Sareko kolektiboarentzat eta hori jasotzen ez duten gainerako kolektiboentzat %4ko osagarria aitortuz. Manifestazioa Bilboko Plaza Biribiletik abiatu da, 17:30ean.

Sindikatuek gogorarazi dute denbora luzea daramate mobilizatzen. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren kasuan, langileak 2021eko hasieratik mobilizatzen ari dira, abenduan bi greba egun barne. 2022an egin diren mobilizazioetan, otsailaren 25ean eta 28an egindako bi greba-egunekin, lan-baldintzak negoziatzea eskatu zitzaion Osakidetzari. Hala ere, erakunde publikoak ez du diskriminazio-egoera hori bertan behera uzten, eta horri buruz hitz egiteari ere uko egiten dio.