OSAKIDETZA
Mobilizazioak deitu dituzte ekainaren 19rako, Euskal Osasun Itunaren aurka

Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Publikoaren aldeko plataformek mobilizazioak deitu dituzte ekainaren 19rako, Euskal Osasun Itunaren aurka daudela adierazteko. ELAk, LABek eta ESK-k bat egin dute plataformekin, eta mobilizatzeko deia egin diete Osakidetzako langileei eta herritarrei. Goizean, kontzentrazioak Basurtuko, Txagorritxuko eta Donostiako ospitaleetan egingo dira, 11:00etan. Arratsaldean, elkarretaratzeak deitu dituzte herrietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Publikoaren aldeko plataformek salatu dutenez, zortzi hilabeteko lanaren ondoren, osasun publikoaren defentsan giltzarri diren eragile sozial eta profesionalen bazterketak markatu du Osasun Ituna, unibertsitate pribatuei eta Confebask patronalari hitza eman zaien bitartean, "haien interesak osasunaren negozioari lotuta baitaude". Plataformetatik deitoratu dutenez, "prozesu hau opakoa eta antidemokratikoa izan da, arazo zentralari heltzea saihestuz: pribatizazioa eta lankidetza publiko-pribatuko politikak". Osakidetzaren krisian eta narriaduran gobernuak duen erantzukizuna ezkutatzeko "aurpegi-garbiketa" gisa definitzen dute Euskal Osasun Ituna.
Salaketaz gain, osasun ereduaren proposamen bat egin dute, osasun publikoa indartzeko eta pertsona guztien osasunerako eskubidea bermatzeko, pertsona ahulenei arreta berezia eskainiz. Besteak beste, neurri hauek daude:
- Osasun % 100 publikoaren aldeko konpromiso irmoa.
- Lankidetza publiko-pribatua eta aparteko orduak baztertzea.
- Osasun inbertsioa handitzea, Europako batez bestekora iristeko.
- Lehen mailako arretari lehentasuna ematea; arreta presentzial osoa berreskuratzea, kontsulta egiteko 15 minutuko gutxieneko denborarekin eta gehienez bi eguneko atzerapenarekin.
- Langileen ihesa saihesteko plantilla nahikoa eta egonkorra bermatzea.
- Baliabide propioak eta kontrol publikoa dituzten itxaron zerrendak nabarmen murriztea.
- Osasun sistemaren kudeaketa demokratikoa, parte-hartzailea eta gardena.
- Tolosaldean eskualdeko ospitale publiko bat sortzea.
Haien ustez, "neurri zuzentzailerik ez dagoenez eta politika pribatizatzaileek aurrera jarraitzen dutenez, beharrezkoa da presio sozialari eustea, Eusko Jaurlaritzari exijitzeko herritarren gaitzespena entzun dezatela eta benetako konponbideak bila ditzatela osasun publikoak dituen egiturazko arazoentzat".